Intxaurrondoa galdutako pertsona maiteen sinbolo gisa

Naiara Roldan de Aranguiz 2022ko mar. 12a, 15:24

Porrots eta Marimotots pailazoek atzo Zorionak Marimotots! ikuskizunean intxaurrondo bat oparitu zieten Villabonako haurrei. Gaur, Agur pertsonaiaren gidaritzapean, Iraitz Lizarragak haragi bihurtuta, intxaurrondoa landatzeko eguna izan dute.

Erreboteko plazatik 13:00etan abiatu dira neska-mutil eta gurasoak kalejiran, Seaska haur eskolaren atzealdeko belazeraino. Kalejira horretan lagun izan dituzte Kristina Solanoren ikasleen trikiti eta pandero doinuak.

Behin haur eskolaren belazean Agur pertsonaiak egin die ongi-etorria gaztetxoei. Agurrek laguntzaileak eskatu bezala, hainbat neska-mutil gerturatu zaizkio Katxiporretako pailazoen oparia landatzera. Intxaurrondoak bakoitzak galdu dituen pertsona horien sinboloa bihurtu nahi du. Horretarako, behin intxaurrondoa lurrean sartuta, Agurrek neska-mutikoak gonbidatu ditu han zeuden harrietan maite eta galdu dituzte pertsona edota maskota horien izenak idaztera. Harri koxkor zuri horiek, izenak idatzirik, intxaurrondoaren bueltan kokatu dituzte, jarraian. 

Arbola denon artean zaintzeko ardura hartu dute bertaratutakoek: "Besarkatu, laztandu, haren fruituak jan... eta haren bueltan egingo dute apatx borobilean, eta tertulian arituko dira joan diren senide eta lagunak gogoan, haien bizipen eta balioak partekatuz".

Heriotza bizitzaren parte da. Eta hau honela izanik haur eta gazteak ezin bizipen horretatik at utzi. Gaurko ekimenak  edonola ere, gazteenekin heriotzaz hitz egin eta heriotza ulertzeko lagungarri izan daiteke.

Ekitaldia amaitzeko, Oinkari dantza taldeko dantzariek agurra dantzatu dute lurperatu berri den intxaurrondoaren bueltan.

Iraitz Lizarraga: "Erreferentzia puntua izango da"

Ekitaldia amaituta Iraitz Lizarragak kokalekuaren berezitasunaz mintzatu da: "Villabonan bizi den jendea, ia egunero hemendik pasatzen da. Haurrek ere gertu daukate. Nolabait nahi genuen erreferentziazko puntu bat izatea, ez izatea mendi puntan galduta dagoen puntu bat. Ikusgarria den puntu batean landatu nahi genuen".

Harrietan idatzi behar izan dute gaztetxoenek galdu duten maite horien izena. Ondoren, harriak intxaurrondoaren bueltan kokatu dituzte haurrek. Honek intxaurrondoa "elikatuko" duela uste du Lizarragak: "Umeen erreferentzia puntua bihurtzea nahi genuen. Hona etorri eta zuhaitzari istorioa kontatu nahi badiote konta diezaiotela. Galdu dituzten pertsona horiek gogoan izateko balio dezala".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!