75 urte gaztetasunez

Naiara Roldan de Aranguiz 2022ko mar. 12a, 14:07

Villabonako Errebote plaza jendez gainezka egon da goiz eta eguerdian, Behar Zana kirol elkartearen 75. urteurrenak horrela merezi du eta. Berdel Pilota Festan murgilduta egon dira herritarrak. Goizean goizetik pilota partidez gain, jan-edana eta musika ez dira falta izan Errebote plazan.

Urteurren festa dario 2022 honi Villabonan. Arduraduna Behar Zana kirol elkartea da. Urte osoan zehar luzatuko dira ospakizunak baina gaurkoan festa eguna izaten ari dira billabonatarrek. Urteurrena berez iaz ospatu behar zen, baina COVIDa medio, urtebetez atzeratu dira ekitaldiak.

Errebote plaza izan da festa honen kokagunea. Gaztetxoenak goizean goizetik paretaren kontra esku-pilotan, erremontean, zesta-puntan aritu dira. Ikusleak ez dute aspertzeko denborarik izan. Tiketak eskuratu eta Getariako kofradiako kideek prestatutako berdela jateko aukera izan dute. Berdel hau ezkontzeko txakolina eta sagardoa ez dira falta izan.

Giroa jartzeko ardura Kristina Solanoren ikasleek izan dute, trikitixa eta panderoa astinduz. Doinua ere jarri diete Oinkari dantza taldeko dantzariei eta honela ikuskizunik ez da falta izan Errebote plazan.

Nerea Zumeaga: "Jendea gogotsu dago horrelako festak kalean egiteko"

Nerea Zumeaga Behar Zana kirol elkarteko lehendakaria lanean harrapatu du Atariak, txakolina zerbitzatzen baina festaren balorazioa egiteko tartea ere hartu du. Eguraldiak lagundu diela jakitun zen eta horrek plaza jendez betetzen ahalbidetu duela aitortu du, lehenik. Goizaren errepasoa egin du ondoren: "Pilota festa ederki joan da". Pilotarekiko zaletasuna ez da falta Villabonan; horrela erakutsi dute goizean goizetik neska-mutil gaztetxoek.

Orduek aurrera egin ahala animazio horrek oraindik eta gehiagora joateko esperantza erakutsi du Zumeagak: "Jendea gogotsu dago horrelako festak kalean egiteko, bazen garaia. Bazen garaia, aurpegiak ikusi eta gogotsu ibiltzeko".

Getariako Elkano kofradiako lagunen laguntza eskertzeko baliatu du unea Nerea Zumeagak: "Ez da lehen aldia, baina eskertzen da laguntza hori, herri ezberdinetako laguntza hori polita izaten da".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!