Pilota ardatz hartuta, ekitaldi sorta antolatu du Behar Zanak

Imanol Garcia Landa 2022ko ots. 23a, 19:59

Nerea Zumeaga, Amaia Agirre eta IƱaki Lizaso, ekitaldien aurkezpenean.

Iaz egin ezin izan zituen 75. urteurreneko ekitaldiak, aurtengoan egingo ditu Behar Zanak. Tartean, 25 ordu iraungo duen Pilota Maratoi Solidarioa.

Behar Zana Pilota Elkarteak 75 urte bete zituen iaz. Euskal Herriko elkarte zaharrenetako bat da eta iaz ospatu beharreko ekitaldiak, COVID-19aren ondorioz bertan behera geratu zirenez, aurtengorako antolatu dituzte. Aurten, beraz, 76 urte beteko ditu elkarteak. «Villabonan errebote eta pilota jokoak lehenagokoak direla badakigu denok, eta gure botarri zaharra da horren erakusle», azaldu du Iñaki Lizaso Behar Zanako kideak.

Ekitaldietan hainbat pilota jokamoldek izango dute protagonismoa, eta, besteak beste, orain arte egin ez den ekitaldi bat antolatu dute: Pilota Maratoi Solidarioa, Aspanogi elkartearen alde 25 orduz jarraian pilotan arituz. Ekitaldi sortaren aurkezpena egin dute Bearzana frontoian, eta Nerea Zumeaga elkarteko lehendakariak azaldu duenez, «garrantzitsua iruditzen zaigu antolatzen ditugun ekitaldiek bere alde solidarioa ere izatea».

Lehen ekitaldia martxoaren 12an izango da. Behar Zana pilota taldearen alde, eta Getariako kofradiaren laguntzaz, Berdel Pilota Festa antolatu dute, Errebote plazan. Goizean zehar pilota topaketa egingo dute elkarteko pilotari txikienekin eta inguruko herrietako pilotariekin eta eguerdian parrillan prestatutako berdel dastaketari emango diote hasiera. Sagardoa eta elkarteko babesle nagusi den Inazio Urruzola txakolina dastatzeko aukera ere izango da.

Bigarren ekitaldia apirilaren 30ean egingo da. «Ilusio handiz ospatuko dugun Bertsopilota berezia izango da», esan du Lizasok. Oinatz Bengoetxea pilotariak bere ibilbide profesionala larunbat honetan amaituko duen arren, bere pilotari ibilbidea urrian amaituko du, debuta egin eta 20 urtera. Bere agur biran Villabonan izango da egun horretan. Sarrerak 8 euroan jarriko dira salgai, Villabonako Amasa Okidengi kafetegian gaurtik aurrera.

Bertsopilota jaialdian bi partida jokatuko dira, eta Bengoetxea VI.a ez beste guztiak Behar Zana elkarteko pilotariak edo elkartearekin harreman estua dutenak izango dira. Lehenengo partidan, Eneko Maiz eta Julen Urruzola bikoak Jon Urbieta eta Aaron Arbizu izango ditu aurkari. Bigarren partidan, Bengoetxea VI.aren atzelari moduan Arkaitz Esnaolak jokatuko du, eta aurkari Iñaki Lizaso eta Jon Erasun izango dituzte. Bertsotan Unai Mendizabal eta Amaia Agirre ariko dira, pilotarien botillero lanak eginez.

ASTEBURU BIRIBILA

Ekainaren hasieran, Pilota Maratoi Solidarioaren txanda izango da, eta urteurreneko «ekitaldi izarra» izango dela uste dute. 25 orduz etengabean pilotan eta 12 pilota era baino gehiagotan ariko dira, guztia Aspanogi elkartearen alde. Maratoia ekainaren 3ko 18:00etan hasi eta ekainaren 4ko 19:00etan amaituko da, eta Bearzana pilotalekuan egingo da.

Askotariko jokamoldeak izango dira: Oriamendi enpresako erremontistak, Mutrikuko Danok eta Beotibar taldeko puntistak, kirol egokitua gurpildun aulkian, adimen urritasuna dutenak, xarea, pasaka eskularruz Laxoa elkarteko pilotariekin, bote luzea eta pasaka eskuz Txostekoen laguntzaz, herrian jokatzen den joko garbia Zubietako pilotarien laguntzaz, paleta larruz, gomaz, esku pilota... Eta pilotariak adin guztietakoak izango dira: umeak, gazte, helduak eta aiton-amonak.

Kutxa solidarioa jarriko da frontoian. Partidak doakoak izango dira eta parte hartzaileek zein ikusleek borondatea emateko aukera izango dute guztiagatik, eta jasotakoa Aspanogi elkarteari emango zaio. Minbizia duten haurren gurasoen elkartea da Aspanogi, bertako zuzendaritzan dago Amaia Agirre, eta aurkezpenean hitz egin du: «Eskerrak ematen dizkiogu Behar Zanari. Guretzat berezia da gisa honetako laguntzak jasotzea, eta eskertuko dugu herritarren eta pilotazaleen borondatea».

Asteburua biribiltzeko, ekainaren 4an egingo dute Behar Zanako bazkideek urteurreneko afaria eta ekainaren 5ean, Behar Zana eta Txost elkarteen arteko errebote partida jokatu da.

Beste ekitaldi nagusia ekainaren 25ean izango da, Errebotea Sutan txapelketa azkarra. «Hau ere historikoa izango da, egun, herri berdinekoak direnekin osatutako lau errebote talde osatzea ez delako erraza», esan du Lizasok. Errebotea, Villabonan, Zubietan eta Oiartzunen soilik mantentzen da Hego Euskal Herrian, eta ikusgarritasuna emateko eta biziraun dezan sortutako ekimena da.

Azkenik, Villabona eta Hazparne arteko 92. errebote partida jokatuko da uztailaren 31n. Tradizio luzea duen partida, hainbeste urtez jarraian jokatu den beste neurketa bat nekez izango baita pilotaren munduan.

EGITARAUA

  • Martxoak 12. Berdel Pilota Festa.

  • Apirilak 30. Bertsopilota.

  • Ekainak 3 eta 4. Pilota Maratoi Solidarioa.

  • Ekainak 4. Behar Zana elkarteko bazkideen afaria eta danborrada.

  • Ekainak 5. Behar Zana eta Txost elkarteen arteko errebote partida.

  • Ekainak 25. Errebotea Sutan txapelketa azkarra.

  • Uztailak 31. 93. Villabona eta Hazparne errebote partida.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!