Emaitza «bikainak» lortuz hasi dira eskualdeko pultsulariak

Ataria 2022ko mar. 10a, 17:56

Eki Lizaso, 16 urterekin, 140 kilo altxatzen.

Denok Danena Halterofilia Taldeak larunbatean ekin zion Liga Nazionaleko Lehen jardunaldiari, Zarautzen, emaitza onak lortuz.

Ekain Dominguezek marka bikaina egin zuen eta Espainiako 17 urtez azpiko txapelketarako gutxieneko marka lortu zuen. «17 urte bete berri ditu eta gurekin oso denbora gutxi badarama ere, Eki Lizaso pultsulariarekin batera hautatua izatea lortu du Espainiako Selekzioarekin Leongo CAR-en apirilean egingo den kontzentrazioan parte hartzeko», adierazi dute taldetik.

Mirari Maqueda, Lier Erro, Urtzi Lusarreta eta Ekain Etxeberriak debuta egin zuten, marka pertsonalak hobetuz, eta Pablo Ucerok ere lan «bikaina» egin zuela esan dute. Lizasoren saioa ere «benetan ikusgarritzat» definitu dute, marka lortuz. Hori horrela, 17 urtez azpiko Mundialera eta europarrera joateko aukerak ditu. Andres Rubiños, Jon Rodriguez eta Kellyan Quintanak parte hartu zuten.

Jon Kepa Cortajarena ere Salamancan lehiatu zen, eta Espainiako Junior txapelketarako gutxieneko marka egitea lortu zuen. Susana Davila, berriz, Madrilen aritu zen, eta Espainiako Absolutu txapelketarako gutxieneko marka lortu zuen.

Gainerako pultsulariek, hilaren 12an, arratsaldez, Villabonako Olaederra Kiroldegian egingo den Euskadiko Senior eta Federazioen arteko txapelketan emango diote hasiera denboraldiari. Emakumezkoen taldean, Naiara Madrid, Elena Mangas, Daniela Perez eta Allyson Rivera ariko dira, eta mutilen taldean, Mikel Alvarez, Ekaitz Cortajarena, Igor Sasiain, Ion Sasiain eta Jon Ander Iriarte pultsulariek parte hartuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!