Osasungintzaren pribatizazioarekin amaitzeko  eskatu dute

Ataria 2022ko otsailaren 9a

Aiztondoko herri mugimenduak deituta elkarretaratzea egin dute Villabonan; osasun sistema publikoa defendatzeko bildu dira herritarrak.

Bizitzen ari garen osasun krisiaren aurrean zaintza kolektiboa aldarrikatu dute hainbat herritarrek, Aiztondoko herri mugimenduak deitutako elkarretaratzean. 

Helburua hori izanda hainbat eskaera egin dituzte. Batetik, pandemiari aurre egiteko neurri eraginkorrak hartzea eskatu dute, «etekin ekonomia edo kontrola helburu dutenak» baztertuz. «Pertsona indibidualon eskubideak murriztu behar badira izan dadila denon osasuna jokoan dagoelako, justifikatuak eta arrazoituak elkar zaintzari erantzunez eta ez zerbait egiten ari denaren plantak egiteko», gaineratu dute. Zentzu horretan, COVID ziurtagiria ez dela eraginkorra esan dute.

Era berean, osasungintzaren pribatizazioarekin amaitzeko, txertoen patentea publiko egitea eta aztarnariak kontratatzea eskatu dute, azken horien lana bermatzeko behar diren baliabideak emanaz. Kaltetutako sektoreei baliabideak emateko eta pandemiaren kudeaketa sozial «justua» egiteko aldarrikatu dute. «Osasunean inbertitu beharra dago: mediku eta erizainak kontratatu behar dira COVID egoerari aurre egiteko eta funtsezkoa den lehen arretako zerbitzuak bermatzeko». 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!