Tren zerbitzuaren kalitatea berreskuratzea eskatu du udalak

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 11a, 17:59

Irun-Brinkola aldirietako zerbitzuak dituzten herrietako udalei eta erabiltzaileei informazio "argi eta gardena" helarazteko eskatu die Amasa-Villabonako Udalak Renfe, Adif eta Espainiako gobernuaren ordezkaritzari.

Amasa-Villabonako Udalak aldiriko tren zerbitzuaren kalitatea berreskuratzeko berehalako neurriak hartzea eskatu dio Renferi eta garraio publiko honen ardura duen Espainiako gobernu ordezkaritzari. Tren ibilbidean egiten ari diren lanak direla eta, zerbitzuak murrizketak eta aldaketak egitea saihestezina bada, erabiltzaileei "garaiz eta modu argian" informatu behar zaiela uste du udal gobernuak, ahalik eta kalte txikiena eragiteko.

Renfeko aldirietako tren zerbitzuan gertatzen ari denari erantzuteko Gipuzkoan sortu den plataformako kideekin bildu ziren aurreko abenduaren 21ean Amasa-Villabonako udal ordezkariak. 'Plataforma de usuarios perjudicados por el tercer hilo' elkarteko ordezkariek egoeraren berri eman zieten udal ordezkariei eta azken urteetan, batez ere, Donostia eta Irun arteko aldirietako tren zerbitzuetan gertatu diren etengabeko atzerapen eta suspentsioek eragindako kalteak azaldu zituzten. Hirugarren haria deitzen dioten proiektuaren ondorioz, azken lau urteetan lanak egiten ari dira Errenteria eta Irun artean, eta dirudienez, lan horiek jarraipena izango dute Hernani eta Donostia arteko trenbide zatian.

Aurreikusten diren obrek aldaketak eragingo ditu aldirietako zerbitzuetan eta hori "oso kezkagarria" da Amasa-Villabonako udal gobernuaren ustetan. "Badirudi egoera hobetu beharrean, okerrera joan daitekeela, zerbitzuaren kalitatea eta maiztasuna nabarmen kaltetuko dira", esan dute. "Udalek eta herritarrek ezertxo ere jakin gabe tren zerbitzuan murrizketa berriak egiten hastea onartezina litzateke". Ondorioz, Renfe, Adif eta Espainiako gobernu ordezkaritzari eskaera zehatza egin dio Amasa-Villabonako Udalak: Irun-Brinkola aldirietako zerbitzuak dituzten herrietako udalei eta erabiltzaileei informazio argi eta gardena helaraztea.

Kudeaketari kritika

Amasa-Villabonako udal gobernuak "kezka eta ezinegona" plazaratu du, esan duenez, geroz eta ohikoagoak direlako atzerapen eta etenaldiak Irun-Brinkola aldirietako tren zerbitzu publikoan. "Herriko hainbat erabiltzailerekin harremanetan jarri ondoren, egiaztatu dugu azken hilabeteotan trenen ordutegiak ez direla betetzen eta atzerapenak gero eta gehiago ematen direla. Atzerapen horiek, askotan hamar minutukoak izaten dira, baina kasu batzuetan hamabost eta hogei minutukoak izatera iristen dira. Gainera, egiaztatu ahal izan dugunez, zenbaitetan zerbitzuak bertan behera gelditzen dira", aipatu dute.

Renfe egiten ari den kudeaketa "kaskarra" salatu du Amasa-Villabonako udal gobernuak: "Erabiltzaileei ez zaie informazioa ematen, sarritan pantailak eta teleadierazleek ez dute funtzionatzen, megafoniak ere ez ditu argibideak ematen...". Ordezkari politikoek uste dute guzti horek zerbitzuaren kalitatea "nabarmenki" jaisten duela eta kalte eta traba nabarmenak sortzen dizkiela garraio zerbitzu publiko honen eguneroko erabiltzaileei. "Penagarria da duela gutxi arte kalitatezko zerbitzu fidagarri eta puntuala zena, orain egoera honetan egotea, ziurgabetasuna nagusi delarik".

Honenbestez, egoera honen aurrean, Amasa-Villabonako Udalak zerbitzuaren kalitatea berrekuratzeko berehalako neurriak hartzea eskatu die garraio publiko honen ardura duten erakundeei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!