Jose Luis Sukiaren hitzaldia Villabonan, hezkuntza lege berriaren inguruan

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 7a, 17:32

Hezkuntza sistema propio baterako oinarriak jasotzen dituen 'Bihar' endekalogoa aurkeztuko du Ikastolen Elkarteko zuzendariak

EAErako hezkuntza legea berria izango du hizpide Ikastolen Elkarteko zuzendari Jose Luis Sukiak Villabonan datorren ostegunean, urtarrilaren 13an, emango duen hitzaldian. Subijana etxean izango da, 18:30etik aurrera.

Gaur egun indarrean dagoen hezkuntza legea agorturik dagoela adostasun zabala dago hezkuntza eragile, sindikatu eta alderdi politikoen artean, eta hainbat dira euskal gizarteak eta hezkuntzak dituen erronkei erantzuteko gizarte eragile ugarik mahaigaineratu dituzten proposamenak. Ikastolek ere badute proposamena, eta hezkuntza sistema adosteko momentu historiko honetan Bihar endekalogoan jaso dituzte hezkuntza sistema propio batek bildu beharko lituzkeen oinarriak. Zubimusu Ikastola da proposamen horren bultzatzaileetako bat, eta hala, Bihar endekalogoan jasotzen diren oinarriak herritarrei aurkezteko Sukia gonbidatu du Villabonara.

Bihar: Hezkuntza sistema propiorako oinarrien endekalogoa hitzaldia egungo osasun egoerak eskatzen dituen segurtasun eta prebentzio neurriak jarraituz egingo da, eta bertaratu ahal izateko aurrez izena eman beharko da, zubimusu@ikastola.eus helbidera mezu bat bidalita edo 943 692321 telefono zenbakira deituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!