IX. Antton Pebet Oroimenezkoan, maila handiko finala igandean

Ataria 2021eko abenduaren 29a

Aizpuru asteasuarra izango da finalistetako bat.

Murua-Aizpuru eta Igoa-Arbizu izango dira txapelen bila joango diren pilotariak. Finalaren aurretik joko garbi elite mailako partida izango da.

Iritsi da Behar Zana elkarteak antolatzen duen IX. Antton Pebet Oroimenezkoaren finalaren eguna. Orain bi asteburu jokatu ziren finalerdiak, eta finala igande honetan jokatuko da, urtarrilaren 2an, 11:00etan hasiko den jaialdiaren barruan. Txapelen borrokan bi bikote ariko dira, Murua-Aizpuru eta Igoa-Arbizu. Afizionatuen elite mailako lau pilotariek partida ikusgarria eskainiko dutela espero da. Sarrerak bost euro balio ditu; 14 urtetik beherakoek eta Behar Zana elkarteko pilotariek sarrera doan izango dute.

Tolosa-Aurrera elkarteko Aizpuru asteasuarrak arerio zaila izango du atzeko koadroetan, Irurtzun elkarteko Arbizu atzelaria. Finalerdietan bezala jokatzen badu, Arbizu izan daiteke finalaren gakoa. Partidan nagusitzeko gaitasuna du, eta horrela gertatuz gero, Oberena elkarteko Igoa aurrelariak aukera asko izango ditu tantoak bukatzeko. Orain arte ez du asmatu gehiegi pilota gurutzatzen eta ikusi egin beharko da igandeko finalean zenbat asmatzen duen. Aurrean, Soraluzeko Murua izango du, defentsa handia duen pilotaria, eta, beraz, berari tanto egitea zaila izaten da.

Finalaren aurretik, joko garbi elite mailako partida ikusteko aukera izango da. Karrikaburu-Sistiague eta Larronde-De Paredes bikoteak ariko dira elkarren aurka, eta aspaldiko jokamolde horrek bat baino gehiago harrituko du. Azken urteetan, joko garbiko pilotari onenak ekartzen dituzte Behar Zanakoek, eta aurtengoan ere lortu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!