(H)ari Naizela irratsaioaren 200. saioaren ospakizuna

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2021eko otsailaren 12a

Ataria Irratiko (H)ari Naizela irratsaioak 200. saioa egingo du eta hori ospatzeko bertso saio berezia antolatu da. Otsailaren 26an, ostirala, izango da Villabonako Gurea zineman. Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Julio Soto izango dira bertsotan, eta Imanol Artola Felix gai jartzaile lanak egiten.

(H)ari Naizela, Imanol Artola Felixek gidatutako bertsolaritzaren inguruko saioa da. 2016ko urtarrilaren 17an egin zuen lehen irratsaioa eta ordutik, asteazkenero Ataria Irratian entzuteko aukera izaten da. Martxoaren 3an 200. saioa egingo du eta hau ospatzeko bertso saio berezia antolatu da. Uhinak izango da saioaren tematika.

Irratsaio hau, Ataria Irratiaren, Harituz Tolosaldeko bertsozaleen topagunearen eta Xenpelar dokumentazio zentroaren hitzarmen baten fruitu da eta bertso saio berezia ere elkarlanen horretatik sortutako ekimena izango da. Villabonako Gurea zineman izango da saioa, otsailaren 26an, ostiralean, 19:00etan. 

Sarreren informazioa datorren astean

Segurtasun neurriak direla eta, Gurea zinemako aforoa mugatua izango da eta 140 lagun ingururentzako lekua egongo da. Bertara joaten direnek, indarrean dauden osasun neurri guztiak bete beharko dituzte.

Sarrera bakoitzak 10 euroan izango da eta hauek eskuratzeko informazio guztia datorren astean zabalduko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!