Sanmartinetan goiztiar dabiltza amasarrak

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 10a, 13:00

Atzo iluntzean lehertu zen suziria Amasan, eta Martina sorginaren jaitsierarekin batera hasiera eman zieten San Martin jaiei; gaur, goizean goiz hasi dute eguna 30 lagun inguruk.

Egun handia da gaurkoa Amasan. Sanmartinak ari dira ospatzen eta nahiz eta San Martin eguna bihar izan, gazte eguna ari dira ospatzen gaur, goizean goizetik. Halaxe azaldu dute Gurutze Astiasaran  eta Kepa Otegi amasarrek: "Sanmartinetako egunik garrantzitsuena da gaur guretzat, gazteen eguna, baserriz baserri ibili ohi gara kalejiran eta eguraldia ere lagun izanik giro ederrean gabiltza".

Goiztiarrak dira, horretan zalantzarik ez. 06:00etan elkartu dira Villabonako Amasa kafetegian, bapo gosaldu eta eguna indartsu hasteko. 30 lagun inguru elkartu dira, eta bi taldetan banatu dira ondoren, batzuk Villabona inguruan egin dute ibilbidea eta beste taldea Amasako baserrietatik barrena ibili da kalejiran.Villabonakoak Legarreta eta Otelarre auzoak bisitatu dituzte, eta Amasakoak Goiburu eta plaza inguruetan ibili dira. 

"Notatzen da iaz ez zela festarik egin, aurten jendea gogoz dago eta ia etxe guztietan atera zaigu norbait", esan dute. Geldialdi bakoitzean fandangoa eta arin-arina dantzatu dituzte eta etxe atarietara atera direnek mokaduak eta tragoak eskaini dituzte.

09:30 inguruan, Amasako taldea Iturri-Goxora joan da bigarren gosaria egitera, eta Villabonako taldea, berriz, Itzalpe tabernara. Eguerdira bitartean, berriro ere, kalejirari ekin diote. Ohiturei jarraituz, goizeko bueltaren ondoren, Uxo-Toki elkartean elkartuko dira bazkaltzeko eta 17:00etan soka dantza eta aurreskua eskainiko dituzte plazan. Gauean, gazteen afaria egingo dute Iturri-Goxon eta ondoren, "bakoitzak ahal duena" egingo duela kontatu dute.

Egitaraua

  • Azaroak 11, osteguna
    10:00. Meza santua.
  • Azaroak 12, ostirala
    17:00-19:00. Puzgarriak,frontoian.
    Ondoren. Txokolate beroa.
    17:30. Dudik-P taldearen kontzertua.
    19:30. Amasako XVIV. Bakailu Lehiaketa Iturri-Goxon.
    23:30. Distopia elektrotxaranga.
  • Azaroak 13, larunbata
    11:00. Umekrosa (6. maila arteko umeentzat).
    12:00. Herriko proba.
    18:30. Bertso saioa, elizan. Bertsolariak: Unai Mendizabal, Onintza Enbeita, Sebastian Lizaso eta Oihana Iguaran. Gai-jartzailea: Imanol Artola, felix.
Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!