Aizkardik argazki rallya egingo du igandean

Ataria 2021eko azaroaren 9a

Igandean, azaroaren 14an, 09:00etan aterako dira parte hartzaileak Aizkardi mendi elkarteak Larrea auzoan duen lokaletik. 9 kilometroko luzera duen ibilbidean 4 orduz atera ahal izango dira argazkiak.

Aizkardi mendi elkarteak XIII. Argazki Rallya antolatu du. Azaroaren 14an egingo dute hitzordua eta parte hartzaileek izena Aizkardiren aretoan egin beharko dute, Larrea auzoko 18. zenbakian, dohainik. 09:00etan jarri dute abiatzeko ordua eta antolakuntzak zehaztutako ibilbidean zehar ateratako argazkiak sartuko dira lehian. Lau orduko epean egin beharko da 9 kilometroko luzera duen ibilbidea.

Argazki onenak 150 euro eramango ditu, bigarren saria eskuratzen duenak 100 euro eta hirugarrenak 75 euro. Haurren kategorian berriz, 12 urtez azpikoetan, bi argazki onenen egileentzat mendi materiala izango da opari. Gainera, publikoak hautatutako argazki onenaren egileak bi lagunentzako afaria irabaziko du Iturrigoxo jatetxean, Amasan.

Argazki rallyan parte hartzen duten lanekin Aizkardik erakusketa antolatuko du Gurea zinema aretoan azaroaren 22tik 26ra, 37. Mendi Astearen egitarauaren barruan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!