Herri hezitzaileen sarearen aurkezpena egin diete herriko eragileei

Ataria 2021eko azaroaren 8a

Oinherri sarearekin elkarlana abiatu nahi du Amasa-Villabonako Udalak eta horretarako aurkezpena antolatu zuen aurreko astean Subijana etxean.

Amasa-Villabona eremu hezitzaile moduan garatzen hasteko eta elkarlan horizontalak eraikitzeko Oinherri elkartearekin elkarlana bideratu nahi du. Aurreko astean Subijana etxean herriko eragileekin izandako bilkuran, herri hezitzailea izateko 7 giltzarriak azaldu zituen Oinherriko ordezkariak.

Udalak parte hartzearen kulturan orain arte egindako ibilbidea balioan jarri eta Oinherrirekin sinatuko duen hitzarmenarekin gobernantza eredu parte hartzaileen ezagutzan eta hedapenean sakontzen jarraitu nahi du, "haurrak erdigunean kokatuz, eta denon ongizatea bermatuko duen herri bat eraikitzen jarraituz". Hain zuzen herriko ikastetxe, hezkuntza ez formaleko eragile eta herrigintzako elkarteekin batera udalak bere burua hezkuntza eragile bezala ikusten du eta horregatik herria bera eremu hezitzaile bezala sustatu nahi du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!