Herri hezitzaileen sarea indartuko du Oinherri egitasmoak

Jon Miranda Labaien 2021ko mar. 16a, 07:59

Altzo eta Asteasu sarean sartuta daude eta laster sinatuko du hitzarmena Zizurkilek; Oinherrik aholkularitza eta bidelaguntza eskaintzen die herriei

Oinherri hezkuntza, aisia, euskara eta kultura arloko eragileek sortutako elkartea da eta helburu nagusia du herri hezitzailearen filosofia Euskal Herriratzea. Horretarako hiru lan ildo nagusi ditu: beste herrialdeetan herri hezitzailearen ikuspegitik egiten diren egitasmoak ezagutu eta hona ekartzea; Formazio, jardunaldi eta dibulgazio liburuxkak argitaratzea, kanpoko esperientzia horiek hona ekarriz eta egokituz; eta herri hezitzaileen sarea indartzea. Gaur egun, sareko kide dira Altzo eta Asteasu eta izateko bidean da Zizurkil.

Oinherri osatzen duten 16 eragileek ikusten dute hezkuntza ulertzeko modua zabaldu beharra dagoela, familia eta eskolaz harago espazioetan eta gure bizitza osoan zehar ematen den prozesu bezala ulertzen baitute hezkuntza. Maite Azpiazu egitasmoko dinamizatzaileak azaldu duenez, hezkuntzaren ardura konpartituaren alde egiten dute lan: «Guztiok gara hezigarriak eta aldi berean hezitzaileak eta ematen dugun ereduaren arabera balio batzuk edo besteak sustatuko ditugu. Norabide horretan, herriak espazio hezitzaileak direla uste dugu eta proposatzen duguna da herriek horren kontzientzia hartzea, hezkuntza proiektu integral bat lantzea eta denon artean adosturiko balioak sustatuko dituen herri bat lortzea».

ZAZPI GILTZARRI

Euskal Herriko testuinguruan modu kontzientean herri bat hezitzailea dela esan ahal izateko, zazpi giltzarri edo gako zehaztu ditu Oinherri egitasmoak. Dena den, Azpiazuk azpimarratu duenez, ez dago errezeta magiko bat herri hezitzailea izateko, «bertakoek bertakoentzat, bertako baliabideekin egin beharreko prozesu bat da».

Jendarteko kide aktibo gisa ulertu behar ditugu haurrak, Oinherri osatzen duten eragileen ustetan. «Umeak ontzi huts edo paper zuri bezala irudikatu izan ditugu, eta edukiz edo jakintzaz bete behar ditugula uste izan dugu helduok, baina azkeneko korronte pedagogikoek diote, umeak gaitasun batzuekin jaiotzen direla eta helduon zeregin bakarra dela haientzat ahalik eta espazio seguruenak sortzea, fisikoki, emozionalki eta afektiboki eta ahalik eta esperientzi anitzenak eskaintzea, umeek gaitasun horiek garatu ditzaten».

Honenbestez, gaitasunak dituen pertsona gisa, haurra eskubide eta betebeharren subjektu bezala ulertzen dute Oinherri egitasmotik, eta beraz, erabakitzeko ahalmena aitortzen diete. «Haurrentzat gauzak egitetik haurrekin gauzak egitera pasa behar dugu eta herri mailako erabakietan haien parte hartzea sustatu behar dugu. Bide bakarra da hori, gobernantza eredu irekiago batzuetara trantsitatzeko eta txikitatik herritar parte hartzaileak, arduratsuak eta kritikoak sortzeko».

Tonucci pedagogo italiarrak esandakoa ekarri du Azpiazuk hizketara: «Haurrak metafora bezala ulertu eta gizarteko sektore zaurgarriena bezala hartzen baditugu, haientzako eraikitako herriak gainerako guztientzako herri aproposak izango dira. Zaurgarriena erdigunean jartzen dugunean baino ez dugu bermatzen ongizatea».

Pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea da Oinherri egitasmoaren helburua eta horretarako, umeak erdigunean jarriz, «haurrek eraikitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz, komunitate sarea eta auzolana indartzea da asmoa». Azpiazuk onartzen du marko teoriko honek guztiak ez duela ezertarako balio ez badu inon lur hartzen. Horregatik, herri hezitzailearen filosofia hau barneratzen hasiak diren herriek, euren praktika onak eta esperientzia eredugarriak beste herriekin partekatzeko sortu dute sarea. Iaz, 2020an, sendotu nahi izan zutena, gaur egun, 25 herrik osatzen dute.

Herri hezitzaile bat eraikitzeko erakunde ezberdinen arteko «elkarlan horizontala» eraiki behar dela esan du Azpiazuk, tokiko instituzio publiko, hezkuntza eragile eta herrigintzaren artean. «Udalak osotasunean hartzen ditugu, ez bakarrik hautetsiak, baita alderdi politikoak, teknikariak, udal langileak, garbitzaileak... Eta berdin hezkuntza eragileekin, ez bakarrik hezkuntza formalekoak, baita gaztelekuak, ludotekak edota aisialdi taldeak ere. Hirugarren hanka, herrigintzarena, oso aberatsa da Euskal Herrian eta hor sartzen dira kirol eta kultur elkarteak, mugimendu feminista edo mugimendu ekologista. Komunitate aberatsa da herri hezitzailea filosofiarekin bat egiten duena».

Euskal Herriko herrialde bakoitzeko herri banarekin 2012an hasi zen osatzen herri hezitzaileen sarea, eta iaz, Oinherrik sare hori indartzeko apustua egin zuen, nahiz eta osasun egoeraren testuinguruak horretan gehiegi lagundu ez. Dena den, sare «irekia»dela azpimarratu du Azpiazuk eta Oinherrirekin hitzarmena sinatu ez arren, gai jakinak lantzeko haiekin harremanetan dauden herriak aipatu ditu, hala nola, eskualdeko Anoeta, Villabona eta Ibarra.

ASTEASU, ALTZO ETA ZIZURKIL

Herri hezitzaileen sarearen helburua elkarren esperientziak trukatzeko espazio bat sortzea da, Azpiazuren esanetan «elkarrekin indartsuagoak garelako eta gauzak elkarrekin egiten ditugunean eraginkorragoak garelako». Bildutako esperientzi multzo hori guztia, www.herrihezitzailea.eus webgunean biltzen dute. «2021erako lan ildo batzuk identifikatu ditugu, duela gutxi Zumaian eskola kirolari buruzko topaketak egin genituen eta gazteen parte hartzearen gaiarekin edo espazioen eraldaketa modu parte hartzailean landu nahi duten herriekin hasiak gara lanean», esan du Azpiazuk.

Asteasun hasita daude lanean eta herriko hezkuntza eragile guztiak prozesu batean parte hartzen ari dira, Arremanitz kooperatibak gidatuta. Pili Legarra alkatea pozik dago lanketarekin: «Begiak irekitzeko balio izan digu. Konturatu gara nola egiten ditugun gauzak mekanikoki, ia pentsatu gabe eta umeekin kontatu gabe. Haurren kontseilu bat osatzea izango litzateke gure ametsa eta bide horretan goaz. Prozesu parte hartzaileak jarriko ditugu martxan adin ezberdinetako umeen artean. Gaztelekuko gazteekin esperimentu bat egiten ari gara, nola dauden jakin nahi baitugu, zein hutsune duten, zein herri nahi duten».

Altzon martxan dago talde bat gaia lantzeko eta Zizurkilen ere erabaki dute herri hezitzaileen sarean sartzea. «Herribizigune taldekoek haurren basoa egitasmoa lantzen ari dira, beste hainbat gauzen artean eta interesarekin gerturatu ziren gugana. Azken batean, herri gehienetan badaude egitasmo asko herri hezitzailearen filosofiarekin bat egiten dutenak, baina perretxiko solteak bezala dira, elkarrekiko lotura gabe. Oinherritik aterpe edo marko komun bat eskaintzen diegu, norberak bere arlotik eragin dezan, adostutako balore horien norabidean», esan du Azpiazuk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!