Mendi duatloia Amasan, ikusi eta parte hartzekoa

Imanol Garcia Landa 2021ko urr. 21a, 17:59
Orain bi urte egin zen azken Amasako Mendi Duatloia.

Larunbat arratsaldean egingo dute Euskal Herriko Zirkuiturako puntuagarria den Amasako Mendi Duatloia.

Iaz azken unean bertan behera utzi behar izan zuten, baina aurten egingo dute Amasako Mendi Duatloia. Larunbat honetan izango da, hilaren 23an, eta 16:00etan hasiko da. «Etxeko proba da eta gogoz prestatu dugu», esan du Eneko Gurrutxaga amasarrak, antolakuntzako kide zein parte hartzaileak.

Azken urteotako zirkuitu bera izango da. Lehenengo zatian 4,18 kilometro egingo dituzte korrika, bigarrengo zatian mendi bizikletarekin 17,79 kilometro, eta azkenik korrika beste 2,43 kilometro egingo dituzte. Amasako herrigunetik hainbatetan pasako dira parte hartzaileak. «Beti izan da gertuko proba bat, jendeak ikusi eta animoak ematekoa. Nahiko saltsa egoten da, eta bada eremu bat, bereziena dena, bertatik korrika bi aldiz eta bizikletaz ere bi aldiz pasatzen garena. Beraz, ikusteko nahiko erraza da proba», nabarmendu du Gurrutxagak. Proban izena eman nahi duenak Kirolprobak.com webgunearen bitartez egin dezake. Gehienezko kopurua 150 parte hartzailekoa da, eta Internet bidez ez bada betetzen, egunean bertan eman ahalko da, proba hasi baino ordubete lehenago.

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituarentzat puntuagarria da Amasako proba. Ikusteko dago zeinek ematen duen izena proban, eta Gurrutxagak espero du emakumezkoetan gutxienez podiuma osatzeko moduan egotea, orain arteko lau probetatik bitan emakume bakarrak parte hartu baitu. Gizonezkoetan Gurrutxagak bere aukerak izatea espero du, etxean lehiatzeak ematen duen motibazio gehigarria aprobetxatuz. «Aurten hiru itzuli eman dizkiot zirkuituari eta hirugarrenerako konturatu nintzen barneratuta dudala. Ez dakit abantaila handia izango den niretzat, baina ibilbidea behintzat ez dut kontra izango», esan du. Parte hartzen badute, Paul Bereziartua eta Iñaki Isasi ikusten ditu garaipena lortzeko faboritoen artean. Isasi bera dago zirkuituko sailkapenaren buru, bigarren Josu Urrestarazu doa, hirugarrena da Bereziartua eta Gurrutxaga laugarren postuan dago kokatuta.

HAURRENTZAKO PROBA

Aurten berrikuntza haurrentzako mendi duatloia izango da. 13 urtez azpikoek parte hartuko dute eta 12:30ean hasiko da. Guztira bost maila izango dira eta egunean bertan eman ahalko da izena, 11:30etik aurrera. Ez da lehiarik izango, eta beraz sailkapenik gabekoa izango da. «Helburua festa giroa jartzea da eta haurrei mendi duatloia zer den erakustea», esan du Gurrutxagak. Parte hartzaile bakoitzarentzat saria izango dela gaineratu du. «Nahiko zaila da haurrentzako zer distantzia jartzea komeni den asmatzea. Saiatu gara lan horretan, eta agian motzegiak jarri ditugu, baina probatu nahi genuen, eta ikusiko dugu gerora begira zerbait aldatu behar den», zehaztu du Gurrutxagak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!