Bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko, Bertatik bertara kanpaina jarriko da martxan irailaren erdialdera arte. Horretarako hainbat baliabide eskainiko ditu Uemak, eta, besteak beste, iaz bezala, 300.000 mahai-gaineko inguru banatuko ditu ostalarien artean.
Merkatariak eta ostalariak sentsibilizatzeko sortutako bideoan, zehazki, Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak udaberrian landu duten Arnasa Gara kanpainaren baitako Euskara da gure postalik ederrena bideoa erabili dute. "Izan ere, gure herriak, gure bazterrak eta gure produktuak nabarmentzen dira bisitariak erakartzeko, bertako elikagaiekin eta kulturarekin batera. Askotan, ordea, bertako hizkuntza alde batera uzten dute zerbitzu sektoreko hainbat profesionalek, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Horrek ez duela zentzurik jakinarazten zaie sentsibilizazio saioetan merkatariei eta ostalariei, bisitariek erantzundako galdetegien emaitzak gogoraraziz", esan dute Uemako arduradunek.
Amasa-Villabonan otorduak ematen dituzten ostalaritza establezimenduetan Bertatik Bertara kanpainaren berri emango du udalak, eta, datozen egunotan, Galtzaundi euskara taldeko teknikariak egiten ari diren bisiten bidez banatuko ditu mahai-gainekoak.