Julen Zelaraini babesa emateko ekitaldiak antolatu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 17a, 11:58

13/13 epaiketan auzipetutako billabonatarrari elkartasuna adierazteko eserialdia egingo dute ekainaren 26an Malkar plazan eta Kale Berrian. Uztailaren 7an auziari buruz aritzeko mahai ingurua egingo dute.

Amasa-Villabonako eta eskualdeko herritar ugarik Julen Zelarain billabonatarrari elkartasuna adierazi diote. Beste zazpi herritarrekin batera Espainiako Auzitegi Nazionalean uztailaren 12tik aurrera epaituko dute eta fiskaltzak zortzi kideentzat 77 urteko espetxe zigorra eskatu du. Agerraldi jendetsu batean auzia salatu eta Zelaraini elkartasuna adierazteko deia luzatu dute hainbat herritarrek. Ekainaren 26an jarri dute hitzordua, 12:00etan. Malkar plazan elkartu eta Kale Berrian zehar burutuko dute eserialdia.

Auziaz hitz egiteko mahai inguru bat ere antolatu dute Amasa-Villabonan uztailaren 7an, eta uztailaren 10ean manifestazioak egingo dituzte Donostian eta Bilbon, 13/13 epaiketari ez. Irtenbidera lelopean. Bi mobilizazioak 12:00etan hasiko dira.

Auzia salatu eta Zelaraini elkartasuna adierazteko Villabonan bildu diren herritarrek adierazi dute duela 11 urte polizi operazioa oso testuinguru politiko zehatzean gertatu zela: "Ezker Abertzalea bete-betean zebilen konfrontazio armaturik gabeko agertoki politiko berria eraikitzeko oinarriak gorpuzten, beti ere indarkeria adierazpen guztiak Euskal Herrian desagertzea bilatzen".

13/13 epaiketaren oinarrian dagoen polizi operazioa asmo horiek "zapuzteko" saiakera gisa ulertzen dute Villabonan bildutako herritarrek. "Estatu espainoleko estolda aparatuek noraino iristeko prest ziren erakutsi zuten: babes legalik gabeko CNIaren inplikazioarekin, frogen manipulazioarekin, oinarrizko eskubideen urraketekin, tratu txar eta torturekin". 11 urte geroago, estrategia horren guztiaren ardatza izaten segitzen du herritarren ustez Auzitegi Nazionalak, "iraganari kateatutako salbuespenezko tresnak".

Uztailean abiatuko den epaiketa "denboraz eta lekuz kanpo" datorrela uste dute Zelaraini babesa eman dioten gizon eta emakumeek. "Presoak atzerapen gehiagorik gabe etxeratzeko garaia da; gatazkaren ondorioak, guztiak, argitu eta orbainak ondo ixten saiatzeko denbora da; auzi politikoari oinarritik heltzeko unea da; euskal gizarteari, askatasunari, demokraziari aukera berriak irekitzeko etapan gaude, euskal jendarteak behar duen elkarbizitza demokratikoaren esparrura irits gaitezen".

13/13 epaiketa salatzeko Amasa-Villabonan eta nazio mailan antolatu diren mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte herritar guztiak: "IrtenBidera. Demokrazia, bakea, etorkizuna".

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!