Elkarrizketa

«Epaiketa traba izugarria da, elementu distortsionatzailea»

Jon Miranda Labaien 2021ko mai. 6a, 09:45

Uztailaren 12an abiatuko duten auzian epaituko dute billabonatarra; aurretik ere, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren eta Askatasunaren aurkako auzian epaitu eta hamar urteko espetxe zigorra ezarri zioten.

Zigorra beteta 2015ean atera zen espetxetik Julen Zelarain Errasti (Amasa-Villabona, 1967), 2008an ezarri zioten hamar urteko kondena bete ondoren. Orain 11 urteko zigor eskaera egin dute bere kontra, 13/13 auzian.

Nola auzipetu zaituzte sumario honetan?

Auzi honen abiapuntua 2010eko apirilean dago. Guardia Zibila eta CNIk elkarrekin polizia operazioa burutu zuten. Presoen inguruan eta defentsan aritzen diren abokatu eta mugimenduaren aurkako operazioa izan zen. Garai horretan, espetxean nengoen ni eta inongo momentutan ez nuen akusaziorik jaso, eta honenbestez, ez ninduten deklaratzera deitu. Nire harridurarako, 2014an, libre geratzeko sei hilabete falta zitzaizkidala, notifikazio bat jaso nuen esanez Madrilen auzipetze auto bat jaso behar nuela. Egia esan, harrigarria da egoera; 'Dena ETA da' doktrinari jarraituz, erakunde armatuko kide izatea egotzita zigorra betetzen ari nintzela, berriro ETAko kide izateaz akusatu nahi ninduten. Ni ez naiz legegizona, baina ez zait oso zentzuzkoa iruditzen egoera.

Zeintzuk dira, zehazki, egozten dizkizueten delituak?

ETAko kide gisa, konkretuki, esaten dute presoak kontrolpean geneuzkala. 2008ko nire zigor autoa irakurriz gero, ia gauza berbera esaten du oraingo akusazioak.

2010ean, sumarioan oinarrian dagoen polizia operazioa eman zenean, zein zen testuinguru politikoa Euskal Herrian?

Hamaika urte beranduago errazagoa da ikustea ezker abertzale osoa zer nolako saiakera egiten ari zen une hartan. Agertoki politikoa goitik behera aldatzeko erabakimen irmoa geneukan eta eragile ezberdinen parte hartzea eta ekarpena ezinbestekotzat ikusten genituen. Urte hartan izan zen Aieteko konferentzia eta hurrengo urtean adierazi zuen ETAk bere jardun armatua behin betiko uzten zuela. Testuinguru horretan Bateragune operazioa ere garaitsu horretan izan zen. Egokitzapen eta eztabaida hori zangotrabatzea zuten helburu garai hartan. Berebiziko garrantzia zuen bake bidean presoek zuten iritzia eta egin zezaketen ekarpena. Operazio honek,eragile bezala presoen parte hartze hori zapuztu nahi zuen.

Asmatu dute estrategia horretan?

Perspektibaz aztertuz gero, denborak arrazoia eman digu, agerian geratu da premia zegoela agertokia aldatzeko. Orube demokratiko batekin, bortizkeriaren adierazpide guztiak desagertuta, herritar guztien oinarrizko eskubideak eta modu parekidean proiektu politiko guztiak barnebilduko zituen agertokia eraikitzeko apustua egin genuen. Ezker abertzaleak bere eskura zituen baliabide guztiak jarri zituen horren alde. Egia da 11 urte geroago aurrera pauso batzuk eman direla baina oraindik osagai asko falta dira. Auzi honek islatzen du hutsune hori. Epaiketa traba izugarria da, elementu distortsionatzailea eta aurrera egiteko zailtasun izugarriak sortzen ditu.

Espainiako Auzitegi Nazionalean epaiketa justu eta inpartzial bat izan ahalko duzue?

Ez, inondik inora. Ez guk, ezta gure aurretik pasa direnek ere. Ontzat ematen badira inkomunikatuta eta torturapean egiten diren deklarazio auto-inkulpatorioak, ez dago bermerik. Ikerketa CNIk edo Guardia Zibilak egiten duenean, ez dago inorentzako bermerik. Auzi hau estatuaren estrategia errepresiboak aplikatu dituen auzitegi batetik badator, agerikoa da berme falta. Komunikabideak itxi ditu Auzitegi Nazionalak, alderdiak ilegalizatu, herri mugimenduen aurka jo...

Prest zaudete fiskaltzarekin akordio bat egiteko?

Akordiorako prest gaude. Auzipetuok pentsatzen dugu egoera errepresiboak desagertzen joan behar direla Euskal Herriko agertoki politikotik. Auzi hau, euren estrategi horren barruan kokatzen dugunez, traba bezala ikusten dugu. Hortaz, traba hori desagertzeko fiskaltzarekin akordio batera iristea lagungarria izango bada, ez dugu inolako problemarik horretaz aritzeko. Borondatea badugu. Ez dakiguna da haiek izango ote duten, ez baititugu ikusten sintonia horretan.

Ez da kasualitatea orain gure aurka zabaldu duten auzia. Ikusi besterik ez dago Bateragune auzia berriro mahai gainean jarri izana, edo euskal presoei hirugarren gradua emateko erabakiei sistematikoki helegiteak jartzea, edo presoen ongietorriekin egiten ari direna. Itxura txarra hartzen diogu egoerari. Badirudi botere judizialaren barruan badagoela sektore bat egoera hau guztia oztopatzeko disposizio osoa duena.

Zein zigor eskaera egin dituzte zuentzat?

Orotara 77 urteko espetxe zigorrak. Zigor eskaerak ezberdinak dira zortzi auzipetuen kasuan. Gutxieneko zigorra 7 urtekoa da eta gehienekoa 19 urtekoa.

Zure kasuan, 11 urtekoa.

Bai. Kuriosoa da. Dagoeneko nireak epaitutako kausa beharko luke izan, baina erakunde armatuko kide izateagatik 10 urte eta berrerortzeagatik beste urtebeteko espetxe zigorra eskatzen dute niretzat. Adarra jotzen ariko balitzaizkit bezala da.

Nola egiten diozue aurre auzipetuek epaiketari?

Pertsonalki ez da erraza horrelako auzi bati aurre egin behar izatea berriro ere. Auzipetu gehienok ditugu seme-alabak, bikotekideak, guraso adinduak... Horrelako eskaera batek kezka sortzen du. Kudeatu beharreko lehenengo gauza hori da. Bestalde guk geure konbikzioei eusten diegu. Auzipetu gehienok bizitza osoa eman dugu borrokan herri honen eskubideak bermatu daitezen. Animoak ematen dizkiogu elkarri. Jarrera horrek laguntzen gaitu eta indarrak ematen dizkigu aurrera jarraitzeko.

Zer nolako babesa jaso duzue orain arte?

Herri xumeak, beti bezala, elkartasuna eta laguntza eskaini dizkigu. Babes handia sentitu dugu. Orain eragile politiko, sindikal eta sozialekin auziari buruz hitz egiteko interlokuzio bat abiatuko dugu. Alde horretatik ezkorragoa naiz, egia esatea nahi baduzu. Erasoa bortitza da, ez bakarrik zentzu pertsonalean. Ikusiko dugu eragile horiek tamainako erantzuna emateko prest dauden; edo lortzen dugu estatuaren esku-hartzea ekiditea, edo bestela, egindako apustua zapuztu daiteke eta herri honetan bizi dugun egoera zaildu.

Auzia salatzeko mobilizaziorik antolatuko al duzue auzipetuok?

Hiru lan ildo zehaztu ditugu. Esan bezala saiatuko gara eragile sozial, sindikal eta politikoekin biltzen, auziaren inguruko gure irakurketa konpartitzeko eta elkarlanerako aukera dagoen ikusteko; Herrietan egin daitekeen lan ildoa da bigarrena, auzipetuok bizi garen herrietan egin daitezkeen mobilizazioak dauzkagu buruan; Eta amaitzeko, bi mobilizazio erreferente edo erraldoi planteatu ditugu epaiketa hasi baino bi egun lehenago, uztailaren 10ean, bata Bilbon eta bestea Donostian.

Uztailaren 12an hasiko da epaiketa. Zein aldarterekin egingo diozue aurre?

Nahiz eta badagoen elementu pertsonal bat guzti honetan eta ondorioak guk pairatuko ditugun, guk gogoeta harago eraman nahi dugu. Baldintzak sortu behar direla eta garai bateko errezetak ez dutela balio uste badugu, denon erantzukizuna beharrezkoa da. Konponbidea ez da zerutik eroriko, hori eraikitzeko denok gure aldetik jarri beharko dugu. Hemendik, kalean eta libre ez bada, beste lekuren batetik, baina guk ahalegin horretan jarraituko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!