Zazpigarren ilara

«Romeo eta Julietaren euskal bertsioa»

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Arrastoa 2021ko eka. 6a, 07:57

Arriya pelikula norberaren telebistan edo pantaila txikiagoan ikusteko aukera eskaintzen du EITB webguneko Nahieranatalak. Honela, pelikularen azterketa egin dute Asier Oruesagasti eta Garazi Urkola aktoreek, Hodei Arrastoarekin tertulian.

Film berezia da, adi egon behar duzu pantailari begira.

Asier Oruesagasti. Bai, denbora aldaketak daude eta batzuetan horrek harridura sor diezazuke. Donostiako Zinemaldian ikusi nuen estreinatu zenean eta zuzendariarekin unetxo bat hitz egiteko aukera izan genuen Loreto Mauleonek eta biok. Ustez filma ulertu genuela esan genion eta hark zera erantzun zigun: «Benetan? Ba azal iezadazue niri».

Garazi Urkola Niri ez zait iruditzen horren zaila denik filma jarraitzea, istorioa erraz ulertzen dela uste dut. Familiak norbanakoaren eremu pertsonalean duen eragina ageri da eta filmaren helburua hori azaltzea dela deritzot, istorio bat azaltzea baino.

GARAZI URKOLA: «Familiak norbanakoaren eremu pertsonalean duen eragina ageri da»


A.O. Romeo eta Julietaren istoriotik ez da gehiegi aldentzen: bi familien arteko liskarrek maitaleengan duten eragina ikusten da. Arriyan erlazio hori kolokan jarriko duen hirugarren pertsona bat ageri da, ordea.



G.U. Romeo eta Julietaren euskal bertsioa.

Emakumeen eta gizonen rolak oso markatuta daude filmean.

A.O. Historikoki hala izan da eta filmaren testuinguruan hala erakusten da.

G.U. Nik amarekin ikusi nuen pelikula eta tarteka, «hau horrelaxe izaten zen» esaten zuen.

A.O. Emakumea sukaldean eta haurrak zaintzen eta gizona tabernara joan, ahoa berotu eta baserria apustuan jarri. Esan beharra dago Iñake Irastorza aktorea beti dagoela ondo, egiten duena egiten duela. Bere egunik txarrenean ere izugarrizko energia du.


'Arriya'n idi proba ageri da, baina pilotan ere badira apustuak.

A.O. Euskal kulturaren parte dela esan dezakegu…

G.U. Nik apustuak gauza euskaldun gisa identifikatzen ditut, baina aldi berean oso urrun geratzen zaizkit. Asko nabari da familien arteko gatazka hori, zure familiak ematen dizkizun abizenak nor zaren esaten dizu. Non bizi zaren, baserri horrek ere asko markatuko zaitu.

A.O. Gaur egun badira baserriaren izenez ezagutzen ditugun pertsonak, belaunaldiz belaunaldi mantendu den etxearen izena daramatenak.


G.U. Nik ere baditut inguruan baserriaren izena izengoiti propio gisa erabiltzen duten pertsonak. Arriyan Iban Garateren pertsonaiak, Peruk, ez dio familiari aurre egiten, Begoña Maestrek interpretatzen duen Mariak, aldiz, bai. Nahi duena egiten du, benetan sentitzen duena egiten saiatzen da, borondate pertsonala du.

A.O. Hori da, Mariari berdin dio familian gatazka sortzeak. Peruk ez du etxekoen kontra joan nahi.

 

ARRIYA

 

Zuzendaria: Alberto Gorritiberea.

Aktoreak: Iban Garate, Ramon Agirre, Iñake Irastorza, Begoña Maestre, Sara Casasnovas, Kandido Uranga eta Joseba Apaolaza.

Ikusgai: EITB nahieran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!