Zazpigarren ilara

«Gure kultura berritzeko apustua egin behar dugu»

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Arrastoa 2021ko eka. 6a, 07:58
Asier Oruesagasti eta Garazi Urkola aktoreak. ATARIA

Gaur Zazpigarren ilaran bi aktore gipuzkoar ditugu, biak ala biak Netflix plataformari esker euskal zinema mundura eraman dute, Akelarre filmean eginiko lanari esker: Asier Oruesagasti donostiarra eta Garazi Urkola billabonatarra.

ASIER ORUESAGASTI. 1986. DONOSTIA

Goenkalen ezagutu genuen gehienok, baina gerora ere bere aurpegia maiz ikusi dugu pantaila txiki nahiz handian. Go!azen eta Altsasu telesailetan parte hartu du eta Skizo, Hodeiak margotzeko makina eta Akelarre filmetan ere lan egin du, besteak beste. Antzerkian ere aritua da, Butterfly effect (Gizakeriaren eboluzioa) antzezlanean, adibidez.

 

GARAZI URKOLA. 1998. AMASA-VILLABONA

Dantzertiko antzerki-ikasketak amaitzear dago, baina dagoeneko pantaila handian eta Netflixen bere lanaz gozatzeko aukera izan dugu Akelarre filmean. Ikasketa profesionalak egin aurretik Andoainen ibili zen klaseak jasotzen. Antzerkian Uda gau bateko bidegurutzea egin berri du eta orkestra sinfonikoarekin kolaborazio lan bat ere egina du, besteak beste.

 

Zein izan zen zuen lehenengo lan profesionala?

Garazi Urkola. Duela hiru urte inguru Arriaga antzokirako proiektu batean hartu ninduten: Adaptación contemporanea de los libros IV y V de los madrigales de Monteverdi. Zuzendari ingeles batekin egin genuen lan, bitxia izan zen.

Asier Oruesagasti. Garai horretan Dantzertin zenbiltzan ikasten?

G.U. Bai, karrera hasieran izan zen. Duela gutxi Dantzertin bertan Mireia Gabilondo izan dut zuzendari.

A.O. Ni 10-12 urte nituela figurazio lanetan aritu nintzen, baina benetako nire lehen lan profesionala Ander eta konpainia telesailean Isidoro Fernandezen semearen pertsonaia izan zen.

Anekdota mordoa izango dituzue.

A.O. Ditudan anekdota potoloenak lanetik kanpo gertatutakoak dira. Behin, Goenkale EITBn zegoen garaian, kaletik oinez nindoala emakume bat ondoan gelditu zitzaidan niri begira. Nik ezagutu egin ninduela pentsatu nuen eta bat batean «zu zer!?» galdetu zidan haserre. «Kaletik ikusi eta agurtu ez!?», gehitu zuen. Nik barkamena eskatu eta bera ezagutzen ez nuela esan nion eta berak berriz «nik zu bai, ordea!» erantzun zidan. [Barreak].

ASIER ORUESAGASTI: «'EITB'k oso laguntza eskasa ematen du eta proiektuak aurrera eramateko dirua behar da»


A.O. Beste behin zerbait okerragoa gertatu zitzaidan. Amona hil zitzaidan eta beilatokian geunden azken meza ematen. Hilkutxa errausketa-labera eraman behar zuen pertsonak ezagutu egin ninduen eta «Ui! Kaixo, zer moduz?» galdetu zidan alaiki.

G.U. Nik behin emanaldi batean eskumuturra bihurritu nuen. Lagun batekin eskutik helduta biraka genbiltzan eta askatzean gaizki erori nintzen. Mina hartu arren, aurrera jarraitu nuen.

Nolakoa da euskal fikzioaren egoera?

A.O. Euskal profesionalak gero eta balioztatuago daude estatu mailan, teknikari asko euskaldunak izan ohi dira eta baita aktoreak ere. Kalitate handia dago. Euskal zinema barruan gertatzen ari dena zera da, gero eta gehiago bilatzen direla dirua jarriko duten espainiar ekoizleak. El hoyo filma adibide bat da. EITBk oso laguntza eskasa ematen du eta proiektuak aurrera eramateko dirua behar da. Laurogeigarren hamarkadako aurrekontuak gaur egungoen berdinak dira eta hori eramanezina da. Bizitza bera asko garestitu da eta ondorioz inbertsioa ere handiagoa izan behar du.

G.U. Guztiz ados nago. Euskal produkzioak oso onak izaten ari direla uste dut. Azkenaldian ikusten ditudan proiektu ezberdinetan euskaldunak daude, bai kameren aurrean baita atzean ere: jantzitegian, efektu berezietan… Hala ere, esan beharra dago Euskal Herrian bertan euskaraz egiten den euskal zinemaren kantitatea oso baxua dela. Kalitatea, ordea, badago. Zinema mota polita egin daiteke kalitate horrekin. Produkzio gehiagorentzat ikuslegoa badago, euskal filmen ikuslegoa ez baita euskaldun jendea soilik. Espainian ere ikusten da gure zinema.

GARAZI URKOLA: «Euskal Herrian euskaraz egiten den euskal zinemaren kantitatea oso baxua da»


A.O. EITBk urtero aurrekontu bat du fikzioa egiteko eta bi aukera dituzte: bata, produkzio handi bakarra egitea; bestea, produkzio txiki asko egitea. Lehena eskas geratzen da kantitate aldetik, bakarra delako, eta bigarrena eskas diru aldetik proiektua aurrera eraman ahal izateko. Gogoan izan behar da EITB ez dela kate pribatu bat… kate publikoa izanda, badirudi ez dutela haien publikoa entzuten.

G.U. 2020 urte bukaeran izandako apustua interesgarria izan da, harrera ona izandako hiru telesail txiki egin dira: Hondar ahoak, Alardea eta Altsasu.

A.O. Oso ondo dago horrelako formatuen aldeko apustua ere egitea. Kontua da hiru hilabete iraun zuela EITBren euskal fikzio berrien eskaintzak. Jendeak fikzioa ikusi nahi du, kalitate duin batekin eta euskaraz. Jendeak eskaintzen diozuna kontsumitzen du.

Gazte artistok etorkizuna zaila al dugu?

G.U. Formakuntza aldetik kanpora joatearen aukera beti hor dago. Hemengo produktuek hazteko aukera izan behar dutela argi dago, gure kultura eraberritzeko apustua egin behar dugu. Ezin gara gelditu betiko dramekin eta betiko istorioekin. Eraldaketa bat egitea tokatzen zaigu.

A.O. Ados nago. Badirudi Euskal Herrian egiten diren produktuak Euskal Herrian bertan soilik gerta litezkeen istorioei buruz direla. Unibertsalagoak izan gaitezke… Arriyafilma bera, zergatik bihurtu familien arteko liskar bat baserri giroko film batean? Gaur egun ere baserri inguruko fikzio asko dago: Kutsidazu bidea, Ixabel; Bi anai; Hil kanpaiak; Arriya bera… Euskal Herriko herri txiki batean daude kokatuta denak, zergatik ez gehiago zabaldu? Munduko edozein tokitan gerta litekeen serie poliziako bat egin genezake euskaraz, adibidez.

G.U. Hizkuntza gisa euskara hartuz beste edozein herrialdetako produkzio bat izan litekeen zerbait sor genezake, bai. Euskal gazteok Netflix eta bestelako plataformak maiz ikusten ditugu eta bertako katalogoa oso zabala da, fikzio mota ezberdinak ditugu aukeran. Baserriak eta herri txikiak noski direla gure identifikagarri, baina aldi berean gero eta urrutiago geratzen zaizkigu. Mundua gehiago ezagutzen dugu orain.

 

MOTZEAN

 

Pelikula bat?

A.O. La vida de Bryan eta The usual suspects.

G.U. La teoria del todo eta Tomboy.

Serie bat?

A.O. Invencible.

G.U. Prision Break.

Genero bat?

A.O. Konkreturik ez.

G.U. Momentuan bertan gorputzak eskatzen didana.

Aktore bat?

A.O. Robert de Niro eta Meryl Streep.

G.U. Eneko Sagardoy, Elena Irureta, Loreto Mauleon…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!