Kolonbiari eta Palestinari elkartasuna adierazi die udalak

Jon Miranda Labaien 2021ko mai. 26a, 17:55

Amasa-Villabonako udalbatza osatzen duten hiru alderdiek elkartasuna adierazteko erakunde adierazpena onartu zuten astearteko osoko bilkuran, aho batez

Amasa-Villabonako Udalak erakunde adierazpena onartu du Kolonbiako eta Palestinako herriei elkartasuna adieraziz. EH Bilduk aurkeztu du testua eztabaidarako maiatzeko osoko bilkuran, «bi herrialdeetan gertatzen ari diren giza eskubideen urraketa larriak salatu eta elkartasuna adierazteko». Udalbatzak aho batez onartu du erakunde adierazpena.

Bi herriei elkartasuna

Joan den apirilaren 28an Kolonbiako herria kalera atera zen bizi baldintza justuak eskatzeko eta Ivan Duqueren gobernuaren zerga erreformaren aurka protesta egiteko. Ordutik, mugarik gabeko geldialdi nazionalean daude, eta udalak onartutako testuaren arabera, «poliziaren indarkeria, eraildako eta zauritutako pertsonak, atxiloketa arbitrarioak eta eraso sexualak gertatu dira indar polizialen aldetik».

Guzti hori ikusita, Amasa-Villabonako Udalak legez protesta egiten dutenen aurkako errepresio «basati eta bidegabea» salatu du eta Ivan Duqueren gobernuari eskatu dio Kolonbiako herritar guztien giza eskubideak babesteko eta bermatzeko. Indar publikoek eragindako indarkeria gertakariak argitzea ere eskatu du udalak eta nazioarteko komunitateari dei egin dio ekintza diplomatiko eta politikoak aurrera eraman ditzan, «errepresioa amaitzeko eta Kolonbiako herriaren eskubideak errespetatzeko». Udal ordezkariek emandako datuen arabera, 50 hildako eta 1.700 lagunetik gora zauritu dira asteotako protestetan.

Bide batez, mobilizazioetatik kanpoko taldeek indarkeria egoera hau ondasun komunak arpilatzeko eta erasotzeko erabili izana arbuiatu du Amasa-Villabonako Udalak, eta aldi berean, ekintza horiek protesta soziala kriminalizatzeko erabili izana ere gaitzetsi du. Horregatik Kolonbiako herritarrei elkartasuna adierazi eta justizia soziala eta bizi baldintzak hobetzeko eskaerekin bat egiten duela adierazi du.

Bestalde, Israelek Palestinako herriari eragiten dizkion giza eskubideen urraketak ere salatu nahi izan dituzte Amasa-Villabonako udal ordezkariek. «Dei egiten diogu nazioarteko komunitateari erasoaldi militar hori geldiarazteko eta elkarrizketarako eta negoziaziorako bideei berriro ekin diezaion». Mahmud Abbas Palestinako presidenteak Europako erakundeen laguntzarekin Nazioarteko Bake Konferentzia bat egiteko eskaera babestu du udalak.

Palestinako herriaren giza eskubideen defentsarekiko konpromisoa agertzearekin batera Amasa-Villabonako Udalak hara bidaltzen den giza-laguntza indartzeko eskaera egin die Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiei, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako gobernuari eta Ipar Euskal Herriko elkargoari.

Elkarte gastronomikoen eskaerarekin bat

Amasa-Villabonako udalbatzak bat egin du herriko elkarteen eskakizunekin eta onartutako adierazpen batean proposamena kontuan hartzeko eskatu die eskumena duten erakundeei. «Ahalik eta lasterren osatu dezatela EAEko elkarte gastronomikoek nahitaez bete beharreko COVID-19aren aurkako protokolo espezifikoa, elkarteak berme osoz ireki ahal izan dezaten». Udalak onartutako adierazpena Lehendakaritzara, Osasun sailera eta Labi batzorde teknikoari bidaliko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!