Amasa-Villabonako elkarteek ateak irekitzeko eskaera egin dute

Ataria 2021eko maiatzaren 25a

Gipuzkoako hainbat elkartek Eusko Jaurlaritzari elkarteak irekitzeko luzatu dien eskaerarekin bat egin dute Irrintzi, Zunbeltz, Uxo Toki eta Behar Zana elkarteek. Amasa-Villabonako Udalari babesa eskatu diote.

Amasa-Villabonako Irrintzi, Zunbeltz, Uxo Toki eta Behar Zana elkarteek Eusko Jaurlaritzari elkarteak irekitzeko eskaera luzatu diote, Gipuzkoako beste hainbat elkarterekin batera. Eusko Jaurlaritzaren edota dagokion erakundearen aurrean eskaera hori babestu dezan, Amasa-Villabonako Udalari gutun bat luzatu diote herriko elkarteetako kideek. Haien esanetan, Amasa-Villabonak elkarteetako bizitza berreskuratzea "beharrezkoa" baitu.

Herriko lau elkarteetako ordezkariek esan dute bizi dugun pandemia egoera honek "hankaz gora" jarri duela guztion bizitza, baita Amasa-Villabonako elkarte gastronomiko guztiena ere. "Badira sei hilabete gure elkarteetako ateak itxi behar izan genituela. Sei hilabete herritarrok ezin izan duguna gure elkarteetan bildu, sei hilabete hain kuttunak ditugun gure txokoetako bizitza itxi genuena. Egoerak hala eskatzen zuen eta ezinbestekoa zela ulertu genuen". 

Gaur egun, egoerak hobera egin duen honetan, euren elkarteetako bizitza berreskuratzeko garaia dela uste dute. Herriko elkarteen egoerak ezberdinak izanik ere, guztiek ateak irekitzea beharrezkotzat jo dute, beti ere eta azpimarratu dutenez, egoerari egokituta eta beharrezkoak diren neurri eta protokoloak jarraituta. "Arduraz jokatu dugu orain arte eta arduraz jokatzen jarraituko dugu. Gure elkarteak ere toki seguruak izan dira eta izaten jarraituko dute". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!