Emakume bat, milioika pertsonen aurrean eta milioika pertsonen ahotan, hogei urte luzez jasandako indarkeria azaltzen. Beno ez, justifikatzen. Hogei urtean izandako bizitza, hartutako erabakiak justifikatzen ari da, nolabait denok ulertu dezagun zer den etengabeko indarkeria matxista jasatea eta horrek nola baldintzatzen dituen superbibentziarako hainbat erabaki. Hitzezko indarkeria, azal eta gorputzeko indarkeria, sexu indarkeria, bikotean bizitako indarkeria, seme-alabek gurasoekiko duten indarkeria… Zer gai gordinak, ezta? Baina, hain zaila zaigu beste pertsona baten azalean jartzea? Hainbeste datu eta xehetasun behar ditugu halako zerbait bizitzen ari den pertsona batekiko begirada aldatzeko? Begirada aldatu edo sinesteko.
Beti diot gauzak hobeto egoteak, ez duela esan nahi dena ondo dagoenik. Sistemak 'baina' ugari ditu oraindik.
Sarean kuxkuxeatu dut, izugarria da bertan aurki daitekeena. Egia da, gehiengo handi batek babestu duela emakume hori baina oraindik irakur daitezke: «Lirain asko dago ba!»; «Nola da posible alaba batekin harremana etetea?», «Nolaz ez du kontatu orain arte»… Eta ez dakit jabetzen zareten, biktima dena bat-batean epaitua dela, betiko begiradatik. Emakumea erdigunean beste behin, eta epaitua izateko berriro ere. Manadaren kasua datorkit burura, zenbat aldiz errepikatu zen neska hark bizitza normala egin zuela eraso osteko hilabeteetan. Normala? Benetan pentsa dezake jendeak, neska hark bizitza normala izan zuela? Benetan ezin gara jabetu bizitakotik bizirauteko, aurrera egiteko ahal zuen modurik onena bilatu zuela? Eta etengabe datorkit burura, ama perfektuaren irudi hori, exijitzen zaigun ama perfektuaren irudi hori. Akaso dena jasan, onartu eta sufritu behar du ama batek? Gogorra egiten ari zait hori guztia ikustea eta zalantzak izatea, emakume horri sinesteko gai ez izatea. Zuzenean edota zeharka indarkeria mota hori bizitu dugunok, ulertuko diogu elkarri.
Beti diot gauzak hobeto egoteak, ez duela esan nahi dena ondo dagoenik. Sistemak 'baina' ugari ditu oraindik. Astekari honetan lehen aldiz Indarkeria obstetrikoaren inguruan hitz egiten agertu nintzen, Itzea Urkizurekin izan nuen hizketaldi luze batetik sortu zen elkarrizketa batekin. Eta urruti ikusten dut goiz euritsu hura. Eta asteka ikusten ari naizen doku-seriean askotan datozkit burura nire neskak. Kontsultatik egunero pasatzen diren nire neskak. Ezkutuan, zeharka, infantilizazio etengabe batean biolentzia jasaten duten nire neskak. «Beno baina orain ondo zaude»; «Txiki zoragarri bat duzu, azkenean hori da inportantea», «Orain gauza guztiei garrantzi handiegia ematen diozue»… Eta justifikatu egin beharra, profesional batek ondo artatu ez izana, eta justifikatu beharra informatu gabeko esku hartzeez, eta justifikatu beharra probintzia berdinean, sistema berdinean, ospitale ezberdinetan, ebidentzia zientifiko eguneratuak dioenari so egin gabe hartzen diren erabaki eta protokoloez kexu garenean. Dena justifikatu beharra, dena sinestarazi beharra.
Eta ez dakit jabetzen zareten, biktima dena bat-batean epaitua dela, betiko begiradatik. Emakumea erdigunean beste behin, eta epaitua izateko berriro ere.
Jarraitu hitz egiten neskak, hitza da boterea. Hitz txiki bakoitzak, aldaketa handi bat ekar dezake eta hori da bidea. Elkarrekin gaude. Nik sinesten dizut.