Zer moduz bizi zarete Euskal Herrian?
Oso ondo esango nuke. Migratzaile asko gaude Saharatik, eta orokorrean, Afrikatik etorrita. Bertakoekin ere ondo moldatzen gara. Guk hemen noizbehinka gure festak eta egiten ditugu, sahararron festak, eta horrela, hemen gaudela erakusten dugu eta gainerakoak ezagutzeko modu bat ere bada. Euskaldunekin, orokorrean, harreman ona dugu.
Migratzaile izanagatik epaituak sentitu zarete noizbait?
Momentuz, ez dugu inorekin arazorik izan egia esan. Herrian baditugu lagunak eta babestuta sentitzen gara.
Arratsaldero hitzordua izaten duzue emakume sahararrek herrian.
Haurrak eskolatik ateratzen direnean elkartu ohi gara lagunak, bai. Normalean plazan egon ohi gara, baina, haurrek jolasteko duten gogoaren arabera beste lekuetan ere elkartu ohi gara. Taldetxoa egina dugu, guztiak gara Saharatik etorritakoak, eta Villabonak elkartu gaitu. Lagun bat, adibidez, Zizurkilen bizi da, eta badugu harekin ere harremana.
Festak ere egiten dituzuela esan duzu.
Iaztik ez dugu aukerarik izan horretarako, baina gainerakoan egiten ditugu, bai. Data asko ditugu sahararrok festarako gordeta, otsailaren 27a, maiatzaren 10a eta 20a..., baina orain itxarotea tokatzen da. Egiten ditugun festa horietara bertako jendea ere animatzen da; Villabonan egin izan ditugunetan udala ere inplikatu izan da, eta hori oso eskertzekoa da gure aldetik.
Eta herriko ekintzetan parte hartzen duzue?
Bai, saiatzen gara. Esaterako, Emakumeen Mundu Martxa Aiztondotik pasa zenean hartu genuen parte. Izan ere, Saharan emakumeak oso-oso egoera txarrean daude; Sultana Khayaren kasua da horietako bat. Espainiatik Saharara bueltatu zen azaroan, eta ordutik Marokoko poliziek ez diote etxetik ateratzen uzten eta tratu txarrak jasaten ari dela salatu du. Bera bezala emakume gehiago daude. Han gerra dago, guk ez genuke nahiko, baina gertatzen ari da. Eta ezin dugu horrela itxaron. Jendea sakabanatuta dago: batzuk Aljerian daude, beste hainbat Mauritanian edo Marokon, eta hemen beste batzuk ere bagaude, eta guk guztiok elkarrekin egon nahi dugu, Sahara libre batean.
Informatuta zaudete, beraz, han gertatzen denaz.
Gure artean asko hitz egiten dugu horri buruz, eta hemen herriko jendearekin ere bai. Baina zer egin dezakegu gu hemen egonda? Elkartasuna adierazi eta indarra behintzat bidaltzen diegu.
Mundu Martxan ere horixe aldarrikatu nahi izan zenuten.
Bai, hori da. Saharako banderekin eta Sultanaren argazkiekin atera ginen kalera. Goiza festa moduan hartu genuen batetik, baina baita aldarrikapen aldetik ere. Eta otsailaren 27an ere joan ginen Tolosako Triangulora, Sahararen aldeko festara.
Garrantzitsua da zuentzat mobilizatzea?
Lagungarri zaigu egia esan. Emakumeok ditugun arazoak latzak dira, eta zer esanik ez okupatutako Saharan edota Aljerian. Elkar lagundu behar gara. Hemen badaude saharar emakumeen elkarteak, eta guztiek dute helburu bera: laguntzea. Orokorrean munduko emakume guztiek behar dute laguntza.
Hona iristean zein oztoporekin egin izan duzue topo?
Oso korapilatsua da. Saharar asko gaude lan egin ezinda, eta guztiok egin nahi dugu lan. Laguntzak baditugu, baina hala ere lan egin nahiko genuke. Paperak eskatzen zaizkigu ordea, eta hor gauza nahastu egiten da.
Errazagoa izan beharko litzateke?
Bai, noski. Laguntzarik edo lanik gabe ezin dugu bizi. Nola biziko gara sarrerarik gabe? Agian jendeak esango du zerbait laguntzak jasotzen ditugulako, baina laguntzarik jasotzen ez badugu, lana behintzat izan beharko genuke, eta erraztasunik ez badugu horretan, ez da erraza aurrera egitea. Saharan bizi eta egoera txarra zelako egin genuen hona etortzeko haututa, eta hemen ere askotan komeriak izaten ditugu.
Sistema aldatu beharko litzateke?
Bai, noski, erraztu egin beharko ligukete. Hona etorri gara, han ez dagoelako ezer, ez lanik, ez bestelako laguntzarik, ezertxo ere. Eta hona etorrita ere kosta egiten zaigu zenbait gauzekin. Hala ere, eskertuta gaude laguntzen gaituen jende guztiarekin.