Laguntzaileak laguntzeko garagardoa sortu du Beertokik

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 3a, 19:58

Lager estiloko garagardoa sortu dute, arina eta edan erraza. Bizitzaren alde onari begiratu beti izena jarri diote eta salmentatik lortutako irabazia, krisia pairatzen ari direnak laguntzeko erabiliko dute.

Beertokik garagardo berria sortu du. Monty Python artista talde polifazetikoaren La vida de Brian filmaren azken eszenan entzuten den abesti ospetsuaren izenarekin bataiatu dute ekoizpen berria, Always look on the bright side of life (Bizitzaren alde onari begiratu beti). "Monty Pythonen esketch bat izan zitekeen bizi dugun egoera: absurdoa, beltza, satirikoa... baina kritika politiko eta sozialak ahaztu gabe. Aipatutako filmean bezala ikusten ditugu ostalariak, gurutziltzatuta baina abesteko gogoz".

Beertokik dena prest zuen 2020ko udaberrian urteroko azoka antolatzeko baina ekimena bertan behera utzi behar izan zuten osasun egoeragatik. Iaz azoka antolatzen lagundu zutenak, gehienbat ostalariak izan ditu orain gogoan, "elkar babestea eta laguntzea hain beharrezkoa den garai honetan". Haiengan pentsatuta sortu du Beertokik garagardo berria eta laguntzaile bakoitzari 12 latako kaxa bat eman dio opari. Lata bakoitza 3 euroan saltzea eskatzen dute eta martxoaren 4tik aurrera salmentan jartzea, egun hori aurkezpen egun bezala iragarriko baitute sare sozialetan. Salmentatik ateratako irabazia norberarentzat izango da.

"Ekimen honekin irabazitakoak ez du ezer soluzionatuko, ez duelako inondik inora pandemiak sortutako zulo ekonomikoa estaliko, baina elkartasun keinu honek zuen animoa apur bat altxatzeko balio badu, gu pozik geratuko gara", esan dute Beertoki taldekoek. Doan banatutakoez gain, laguntzaileren batek kaxa gehiago nahiko balitu, eskaera martxoaren 20a baino lehen egin beharko du, oso lote mugatua atera baitute. Eskatutako horiek berezko balioaren prezioan salduko dizkiete: lata bakoitza 1,5 euroan, 12 latako kaxa 18 euroan. Beertokikoek esan dute apirila erdialdera arte kaxak saltzen saiatuko direla eta ateratako irabaziak laguntzaile guztien artean banatuko dituztela.

Beraz, gainerako herritarrek eskaera luzatu dezakete garagardo berria dastatzeko infobeertoki@gmail.com helbidean. Bestela, bizum bat egin daiteke 656 73 53 57 telefono zenbakian beertokizerbeza kontzeptua idatzita eta eskaria apirilaren 1etik aurrera Basajaun liburu dendan jasoko ahal izango da. Kontsumitzaileentzat, kasu honetan, 12 garagardoko kaxa 36 euroan eskuratu ahal izango da.

Garagardo berria

Lager estiloko garagardoa da Beertokik sortu duena, bost graduko alkohol maila duena, "estilo nahiko arruntekoa, arina eta edan erraza". Brew&Roll garagardogileekin elkarlanean sortutakoa da.

Garagardoei musikarekin lotutako izenak jartzen dizkiete Beertokikoek, eta oraingo honetan, Always look on the bright side of life (Bizitzaren alde onari begiratu beti) izena jartzearekin batera, etiketa berezia sortu diote ekoizpen berriari, kolore biziekin "positibotasuna" transmitituz. "Monty Pythonen filmaren sarreran azaltzen den estetika modernizatu bat ere islatzen du".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!