"Gure bizimodua da"

Ataria 2021eko urtarrilaren 23a

"Ostalaritza, aurrera" oihuak ozen entzun dira, eguerdian, Amasa-Villabonako kaleetan; herritar ugarik egin dute bat ostalariek deitutako manifestazioarekin.

Astelehenean egin bezala, gaur eguerdian ere berrehun bat herritar atera dira kalera, Amasa-Villabonako ostalariek deitutako manifestazioarekin bat eginez. Sektoreak bizi duen egoera salatu dute beste behin ere. "Pandemiaren kudeaketa txarra gure ardurapean utzi nahi izan dute".

Orain, eremu gorrian aurkitzen denez, establezimenduak itxi behar izan dituzte. "27 positibo nahikoa dira gure lantokiak, gure bizitzak dardarka jartzeko, lepoan dugun soka gehiago estutzeko".

Agerraldi baten fokua ostalaritzan ez egonagatik ere, lantokiak ixtera behartzen dituztela salatu dute. "Bost axola agerraldia non dagoen, udaletxean, industrian, komertzio handietan... Horiek ez dituzte ixten, baina ostalaritza bai. Onartezina da".

Lanpostuak galtzearen ondorio eta arazoez ere mintzatu dira. Kontuan dute kaletako isiltasuna, eta horren ondorioz gertatzen ari den saltoki txiki askoren itxiera. "Ilusioz eta lan egiteko gogoz gaude, ostalaritza gure bizimodua delako. Dirua baino gehiago, gure negozioek bizitza ematen digute".

Astelehenean, Tolosan

Bat egitera behartuak daudela ere adierazi dute Amasa-Villabonako ostalariek. Hori dela eta, Tolosan ere elkartuko dira sektore honetako ordezkariak; deialdia zabala da herritar guztientzat. Astelehenean, hilak 25, elkarretaratzea egingo dute Plaza Zaharrean, udaletxe atarian, 10:30ean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!