«Orain arteko kritikak oso onak izan dira»

Leyre Carrasco 2021ko urt. 14a, 07:58

Txikitatik izan duen afizioa, sukaldaritza, ofizio bilakatu du Ane Mendizabal billabonatarrak. Anenak izeneko proiektua abiarazi du, postreak egin eta saltzeko, eta oso gustura dago izan duen erantzunarekin.

Betidanik sukaldaritzarako zaletasuna izan du, eta duela gutxi eman du bere negozio txikia irekitzeko pausoa; Anenak proiektua jarri du martxan eta etxean egindako postreak saltzen ditu asteburuetan.

Nondik datorkizu janaria prestatzeko zaletasuna?

Txikitatik gustatu izan zait kozinatzea. Beti jartzen nintzen ama edo amonaren ondoan ea zer egiten ari ziren ikusteko. Beti gustatu izan zait sukaldaritza tradizionala, etxeko platerak, alegia. Hamabost urte nituela, Youtube-n sartu eta errezeta desberdinen bideoak ikusten hasi nintzen, batez ere, postreen bideoak. Hortik aurrera nire kabuz sukaldean hasi nintzen; nire lehen postreak lazitoak izan ziren eta gero postre desberdinak egitera trebatu nintzen. Etxean ia astebururo prestatzen nituen, eta lagunekin bazkari edo afari bat nuen bakoitzean ni arduratzen nintzen postrea egiteaz.

Instagram kontua ireki berri duzu. Nola sortu zitzaizun kontu hori irekitzeko ideia?

Arratsalde batean izan zen. Nire lagun batekin nengoen nire etxean eta postreei buruz hitz egiten ari ginela berak esan zidan ea zergatik ez nuen Instagram kontu bat irekitzen eta nire postreak bertan saltzen. Ideia ona zela iruditu zitzaidan. Beraz, familiakoei eta gainontzeko lagunei ere komentu nien, denek eman zidaten babesa eta laguntza, eta aurrera egitea erabaki nuen.

Zergatik Anenak? Nondik dator izena?

Ez nekien zein izen jarri, baina nire izenarekin lotura zuen zerbait izatea nahi nuen. Beraz, Instagramen izen desberdinak probatzen hasi nintzen eta orduan otu zitzaidan Anenak izena jartzea. Hori probatu, hartuta ez zegoela ikusi, eta ondo geratzen zenez, horrela geratu zen.

Zer topatuko dugu bertan?

Instagramen sartzean eskuragarri dauden postreen argazkiak ikusi ahal dira. Bertan daude sagar tarta, gazta tarta, brownie-a, lazitoak, eta txokolatezko tarta hotza. Postre bakoitzaren prezioak ere agertzen dira, baita beharrezko informazio ere; harremanetarako kontaktua, nola eta noiz eskatu eta abar.

Errezeta guztiak zureak dira edo nonbaitetik atera al dituzu?

Baten batzuk berreskuratu ditudan aspaldiko etxeko errezetak dira, eta beste batzuk berriz, nik moldatutakoak dira. Adibidez, niri hiru txokolatezko tarta asko gustatzen zait baina zailtasun handia duenez, denbora asko kentzen zidan eta moldaketa txiki bat egin nion. Browniaren kasuan, sukaldari famatu baten errezeta da, baina errezeta hori oinarri hartuta nire erara moldatu dut.

Sukaldari erreferenterik ba al duzu?

Egia esan ez, ez dut asko jarraitzen dudan sukaldari erreferenterik. Telebistan saio asko ikusten ditut, eta Youtuben ere sukaldaritza bideoak ikustea gustatzen zait.

Nola eta nondik egin ahalko genuke eskaera?

@ane_nak Instagram kontuan mezu pribatu bidez edo nire Whatsapp pertsonalera mezu bat bidalita ere egin daiteke. Eskaera egiten didaten gehienak nire ingurukoak edo herriko eta inguruko herrietako jendea da. Beraz, gehiengoak nire zenbakia lortu edo erraz lortzeko arazorik ez du. Hala ere, kartel txiki bat Whatsapp bidez zabaldu nuen, eta bertan nire mugikorraren zenbakia eskura jarri nuen.

Denbora gutxi daramazu proiektuarekin, baina momentuz nolako kritikak ari zara jasotzen?

Denbora gutxi daramat, baina orain arteko kritikak oso onak izan dira. Oso gustura ari naiz lanean. Duela gutxi herriko bi eskari handi izan nituen herriko bi kuadrillarentzat eta biek hurrengo egunean idatzi zidaten asko gustatu zitzaiela eta errepikatu egingo dutela esanez. Egia esan eskaera egiten didaten guztiek idazten didate esanez asko gustatu zaiela postrea, eta hori seinale oso ona da.


Zein da jendeak gehien eskatzen dizun postrea?

Arrakasta handiena izan dutenak lazitoak izan dira. Postrerik sinple eta errazena da, baina jende guztiari gustatzen zaio eta gehien eskatzen didatena horixe da.

Sukaldean zu bakarrik zaudela kontuan izanda, hainbeste postre egiteko denbora ematen al dizu? Nola antolatzen zara?

Denbora ematen dit, baina aurre-antolakuntza batekin. Egun baterako ditudan eskaeren arabera antolatzen naiz, baina badaezpada beti goizean goiz jaikitzen naiz kozinatzen hasteko, eta postre guztiak ordu bererako prest izaten saiatzen naiz.

COVID-19aren egoera dela eta, kozinatzeko garaian segurtasunen bat ezartzen duzu?

Bai, noski. Janaria prestatzen hasi baino lehen, eskuak eta sukaldeko erreminta guztiak garbitu eta desinfektatu egiten ditut. Gainera, eskularruak jantzita ditudala kozinatzen dut.

Anenak-en gauza berriak topatzen joango al gara?

Noski. Duela gutxi lazito-en zozketa bat antolatu nuen, eta parte hartze nahiko altua izan nuen. Jendeari asko gustatu zitzaion, beraz, hemendik aurrera horrelako gehiago egingo ditut. Horrez gain, Gabonak bezalako egun berezietarako postre desberdinak egin ditu, eta horiek guztiak nire Instagram kontuan ikusi ahal izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!