Neurri berriak hartuko ditu udalak hondakinen bilketa hobetzeko

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 10a, 11:57

2020ko urtarriletik urrira gaikako bilketa %7,8an murriztu da Amasa-Villabonan. Beheranzko joera hau gelditzeko herritarren hezkuntzan arreta jartzea erabaki du udalak.

Amasa-Villabonan gaikako bilketaren tasa %69,46koa da. Azken urteetan lehen aldiz, %70etik behera jaitsi da. Hain zuzen, urte hasieratik urrira bitartean, %7,8an murriztu da kopurua. Udalak hainbat "elementu kezkagarri" egiaztatu ditu hondakinen bilketari dagokionez eta egoera lehengora bueltatzeko informazio kanpaina bat jarriko du martxan. "Amasa-Villabona edukiontzi sistema edukita Gipuzkoa mailan birziklapen tasa handienetakoa zuen herria izan da orain arte. Azkenaldian beheranzko joera nabarmena egiaztatu denez, udalak berriro ere biztanleen hezkuntzan arreta jartzera erabaki du".

Besteak beste herriko eraikinetako administrariei gutun bat  helaraziko zaie eta horrekin batera ezkaratzetan jartzeko kartelak banatuko dituzte. Herriko edukiontzi guztietan poltsak lurrean uztea debekatuta dagoela adierazten duen pegatina ezarriko da. Gainera, Tolosaldeko Mankomunitateko hezitzaileak Villabonako edukiontzien guneetan izango dira datorren astetik aurrera. Hondakinak botatzera doazen pertsonei gauzak ondo egiteko jarraibideak emango dizkiete. "Hezitzaile hauek ondo prestatutako profesionalak dira eta herritarrei errespetuz tratatzeko deia egiten diegu". Amaitzeko, herrira bizitzera datozenei edo herrian erroldatzen direnei hondakinen kudeaketari buruzko informazioa emango zaie. 

Jarraipen zorrotzagoa

Amasa-Villabonan geroz eta hondakin gehiago botatzen da lurrera, edukiontzitik kanpo. Egoera hori "kezkatzekoa" da udalaren esanetan, are gehiago kontuan hartzen bada edukiontziak guztiz zabalik daudela eta eskuekin heldu beharrik ez izateko  pedalak jarrita daudela edukiontzietan duela hilabete batzuetatik hona. "Ez da erraz ulertzekoa", esan dute Ingurumen saileko arduradunek. Horregatik Udaltzaingoak jarraipen berezia egingo dio gai honi, hondakinak edukiontziaren kanpoan edota ez dagokion lekuetan uzteari. Poltsak lurrean uzten badira, 90 eta 450 euro arteko isunak jarriko dira.

Azken hilabeteetan landa inguruko hainbat espazioetan zabortegi inprobisatuak antzeman ditu udalak. Amasa, Amasamendi, Legarreta, Otsabi edota Otelarre auzoetan dauden edukiontzi guneetan geroz eta hondakin gehiago agertzen da lurrean botata. "Moztutako adar eta belarrez betetako poltsa handiak, usteldutako elikagaiak, traste handiak... agertu dira botata". Dagoneko udalak zenbait kasutan zaborra nork bota duen identifikatu du eta hauen aurkako lege ekintzak ere martxan jarriko dira.

Komizar parkean zabor pilaketa handiak antzeman dira azken aldian eta bertan jarraipen sistema berri bat jarriko dute martxan. Parkeko mahaiak zenbatu egingo dituzte eta udaltzainek mahai bakoitzeko arduradun bat identifikatuko dute eta pertsona hau izango da mahaia eta bere ingurua txukun uztearen arduraduna.

Bide batez, udalak aipatu du Amasako ermitako estalpean, Remi Ayestaran pasealekuan, Arroa eta Errotako ibai ondoko ibilbideko bankuetan, Olaederra atzealdean, Etxeondoko parkean eta Txermin auzoko zenbait lekutan hondakinak agertu direla lurrean botata, batez ere edari latak eta janari ontziak. Horrekin batera, traste zaharrak eta bolumen handiko hondakinak edozein egun eta ordutan azaltzen dira kalean eta udalak jakinarazi du horiek ateratzeko eguna asteazkena izaten dela, 20:00etatik 22:00etara. Aurrez, Tolosaldeko Mankomunitateari jakinarazi behar zaio 943 67 62 16 telefonora deituz.

Muga mugan

Gaizki sailkatutako hondakinen berri ere eman du Amasa-Villabonako Udalak. Hondakin organikoaren edukiontzi marroian jasotzen denaren gero eta portzentaje handiagoa ez da hondakin organikoa eta poltsa konpostagarrien erabilerak beherakada izan du. "Organikoa behar bezala ez bereizteak eta edozein poltsa edukiontzi marroira botatzeak, organikoaren kalitatea jaisten du eta kalitate hori oso baxua bada, edukiontzi osoa errefusa bezala kudeatu beharra ekar dezake. Horrek, gaikako bilketan eta birziklatze tasetan eragin oso negatiboa du eta udalak ordaintzen dituen hondakinen kudeaketa gastuak handitzen ditu", esan dute udal ordezkariek.

Amasa-Villabona azken urteetako birziklatze tasa baxuenetan kokatu da eta datu hori "oso kezkagarria" da udal gobernuaren hitzetan. Tasa %70etik behera jaisten bazen bilketa sistemaren gaineko neurri zorrotzak hartuko zituela iragarri zuen EH Bilduren gobernu taldeak: "Muga mugan gaude eta beheranzko joerak jarraitzen badu, udal gobernuak bilketa sistemaren inguruko erabaki zorrotzak har ditzake".

Momentuz jarraipen zorrotzagoa egingo diete hondakinei eta informazio kanpaina jarriko dute martxan herritarren artean. "Nahiz eta gutxiengo batek egiten duenak irudi negargarriak utzi, herritar gehienek ingurumenarekiko eta zaborren gaikako bilketarekiko jarrera positiboa dute", esan dute udal gobernutik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!