Ostalaritza sektorearentzat diru laguntzak emango ditu udalak

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 3a, 16:47

Amasa-Villabonako Udalak 30.000 euroko funtsa sortu du sektorea laguntzeko. Diru laguntza eskaerak abenduaren 4tik 14ra egin beharko dira.

Pasa den azaroaren 6an Eusko Jaurlaritzak ostalaritza establezimenduen itxiera agindu zuen COVID-19aren pandemiaren egoerari erantzuteko prebentzio neurri gisa. Honen ondorioz, ostalaritza sektoreko langileak "egoera oso zailean" geratu dira Amasa-Villabonako Udalaren ustez, "establezimenduari eta jarduerari lotutako gastuak ordaintzen jarraitu behar baitute, taberna edo jatetxeak itxita dauden bitartean".

Egoera honek, "ezinbestekoa" den sektore honen biziraupena eta etorkizuna kolokan jarri ditu eta Amasa-Villabonako udalak urgentziazko izaera duen diru laguntza lerro berri bat onartu eta martxan jartzea erabaki du. Diru laguntza hau arautzen duen oinarrien dokumentua abenduaren 2an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Aurrekontua

Diru laguntza hauek finantzatzeko, udalak 30.000 euroko diru funtsa sortu du. Aurrekontu hau ez bada nahikoa eskaera guztiei erantzuteko, modu proportzionalean banatuko da aurkeztutako eskaera-kopuruaren arabera.

Zenbatekoari begiratuta, 600 euro banatuko dira establezimendua itxita egongo den hilabete bakoitzeko. Diru laguntzaren kopuru zehatza, establezimenduak itxita egon diren egun kopuruaren arabera kalkulatuko da. Jardueren etetea partziala denean (okindegi-kafetegien kasuan), 300 euro etendura egingo da hilabete bakoitzeko.

Gainera, establezimenduaren titularrak jarduerari lotutako lokala errentan edo alokairuan baldin badu, diru laguntzaren zenbatekoak hileko 200 euroko gehigarri bat izango du.

Onuradunak

Diru laguntza honen onuradun izango dira urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuan ezarritako alarma-egoerak eraginda, Lehendakariaren azaroaren 6ko 38/2020 Dekretuan, (36/2020 Dekretua, urriaren 26koa, aldatzen duenak) ezartzen den erabateko-itxiera eraginpean dauden ostalariak. 

Erabateko itxieraren eraginpean dauden jardueretan, Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergan (EJZ) alta emanda egotea frogatu beharko dute ostalariek, eta baita udalarekin zorrik ez dutela ere. Establezimenduek diru laguntzen onuradun izateko baldintzak bete beharko dituzte eta udalak soilik Amasa-Villabonan kokatutako establezimenduak lagunduko ditu.

Diru laguntzaren iraunaldia Lehendakariaren azaroaren 6ko 38/2020 Dekretuan oinarritutako erabateko itxierarekin hasiko da (2020ko azaroaren 6an) eta dagokion autoritateak erabateko-itxiera jasaten duten jarduerak ahalbidetzen dituenean amaituko da.

Eskaera egiteko bideak

Amasa-Villabonako Udalaren webgunean topatu daiteke diru laguntza eskuratu ahal izateko bete beharreko inprimakia. Eskaerak jardueraren titularrak egin beharko ditu zuzenean, edo haren ordezkaritza zuzenbidean baliozkoa den edozein bitartekoren bidez egiaztatzen duen edozein pertsonak. Ahaldunek, ordezkaritza-idazkia aurkeztu beharko dute.

Abenduaren 4tik 14ra egin ahal izango dira eskaerak eta ordainketak hilabeteka egingo dira, diru laguntzek xede duten helburua egiaztatu bezain pronto.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!