Ostiraletik aurrera eskuratu daitezke kontsumo bonuak

Jon Miranda Labaien 2020ko abenduaren 2a

Amasa-Villabonako saltokietan erosi ahal izango dira, urtarrilaren 5era arte. 30 euro ordainduta 50 euroko balioa duen bonu-txartel orria eskuratu ahal izango dute herritarrek.

Amasa-Villabonako Udalak herriko merkataritza sektorea bultzatzeko kanpaina berri bat abiatzea erabaki du. Eguberrien testuinguruan, abenduan egiten diren erosketa bereziak herriko establezimenduetan egitea sustatu nahi da kanpainarekin, modu horretan herriko saltokiak lagunduz.

Udalak, guztira, 32.000 euroko inbertsio egin du ekimen hau garatzeko. 30.000 euroko bonuak finantzatzeko eta 2.000 euro kanpainaren gastuetarako. Inbertsio honekin, guztira, 1.500 bonu-txartel eta 10.500 bonu indibidual argitaratu eta zirkulazioan jarriko dira. Establezimendu bakoitzak 30 bonu-txartel izango ditu bezeroen artean saltzeko, bonuak saltoki guztien artean modu parekidean banatu baitira.

Saltokiek astebeteko epea izan dute izena emateko eta guztira 50 establezimenduk erabaki dute kanpaina honetan parte hartzea. Oria merkatarien elkartearekin adostu ditu udalak kanpainaren xehetasunak eta berrikuntza ugari ditu, ekainean garatutako kanpainarekin alderatuta. Oraingo honetan, herriko establezimendu guztiek parte hartu ahal izan dute, baita zerbitzuek (ile apaindegiek, fisioterapia zentroek...) eta elikagaiak saltzen dituzten saltokiek (arrandegiek, okindegiek, harategiek...) ere.

Non eskuratu daitezke?

Saltokietan erosi behar dira bonuak eta bonu-txartel bakoitza saltoki edo zerbitzu bati dagokio. Hau da, establezimendu bakoitzak bere bonu propioak izango ditu, eta dendaren izenarekin identifikatuta egongo dira. Bonuak, soilik, erositako establezimendu horretan erabili daitezke eta herritar batek bonu-txartel bakarra erosi dezake establezimendu bakoitzean. Herritarrek nahi adina establezimenduetan eros ditzakete bonu-txartelak eta eroslea edozein herritakoa izan daiteke, ez da beharrezkoa Amasa-Villabonakoa izatea.

30 euro ordainduta 50 euroko balioa duten bonu-txartel orri bat eskuratuko da. Beraz, bonu-txartel bakoitzarekin, erosleari 20 euroko ekarpena egingo dio udalak. Bonu-txartel orri horrek 7 bonu indibidual izango ditu: 10 euroko hiru bonu eta 5 euroko lau. Egiten den erosketaren zenbateko bonuaren balioa baino txikiagoa bada, diferentzia ez da eskudirutan itzuliko eta bonuak ezingo dira diruagatik trukatu.

Beatriz Unzue alkateak herritarrei bonuak eskuratu eta erabiltzeko deia egin die eta eguberrien bueltan egiten diren erosketak herrian bertan egitera animatu ditu. "Zorionez, Amasa-Villabonan denda eta saltoki eskaintza oso zabaldu dugu, era guztietako produktuak eskuratu ditzakegu etxetik gertu, eta batez ere, bertako dendarien gertuko eta kalitatezko arretaz gozatu dezakegu. Beraz, erabili bonuak eta erosi herrian, abenduan eta urte guztian", esan du alkateak.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!