'Exodoa, hondakinak aterpe' erakusketa, ikusgai dago Gurean

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 12a, 07:59
Argazkia: Andoni Lubaki

Villabonan, gaurtik azaroaren 18ra, ikusgai izango da Karlos Zurutuzak eta Andoni Lubakik prestatu duten erakusketa; Euskal Fondoak bultzatu du ekimena

2019ko urrian Turkiak bere azken erasoaldia burutu zuen Siriako kurduen kontra. Bake-iturria izeneko operazioak airetik bidali zituen droneak eta jaurtigailuak, eta lurretik jihadista andanak hartu zuen parte erasoan. Gertatutakoa jaso dute Exodoa, hondakinak aterpe izeneko proiektuan. Karlos Zurutuza kazetariak eta Andoni Lubaki argazkilariak prestatu dute eta Euskal Fondoak gauzatu du egitasmoa.

Amasa-Villabonako gizarte zerbitzuek ekarri dute erakusketa herrira eta Gurea aretoko erakusketa gelan gaurtik azaroaren 18ra izango da ikusgai, astegunetan, 18:30etik 20:30era eta larunbatean, aldiz, 11:30etik 14:00etara.

Proiektuaren egileek aipatu dutenez, «denboran zehar garatzen ari den garbiketa etniko baten beste kapitulu bat da iaz gertatu zena. Ehunka hildako eta 200.000 iheslari dira azken biktimak. Medioen isiltasun gorgarria saihestearren gauzatu dugu egitasmo hau».

Karlos Zurutuza kazetariak bultzatu du proiektua, Andoni Lubaki argazkilariarekin batera. Zurutuza Jot Down aldizkariko nazioarteko arduraduna da eta Euskal Herriko zein atzerriko hainbat hedabiderentzat aritzen da lanean. Lubakik, aldiz, hamarkada batez munduko prentsa eta agentzia handienekin kolaboratu du. Ekialde Hurbilean nahiz Afrika iparraldean gatazkak jarraitu ditu, argazkilari gisa.

40 ARGAZKI DITUEN ERAKUSKETA

Siriako kurduek egun pairatzen duten zigorra islatzen duten argazkien bilduma ikus daiteke erakusketan. Gerra frontea, hustutako herriak, errefuxiatu eremuak, iheslariez jositako eskolak, hiletak... Elementu bisualok ezinbesteko erreminta dira errealitate gordin hau ulertu ahal izateko.

10 MINUTUKO DOKUMENTALA

Fatma, 22 urteko neska unibertsitarioa, etxetik kanpo bizi da Turkiak 2018an bere herria suntsitu eta okupatu zuenetik. Bere bizitza berrabiarazten ari zela, Ankarak beste eraso bat bideratu zuen, hain justu, Fatma orain bizi den eskualdean. Neska kurdu honek artean aurkitu du ihesbide bat.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!