«Hedabideetan iheslariak, soilik, zenbaki bezala agertzen zaizkigu»

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 11a, 15:23

Iazko abenduan hiru aste eman zituen Andoni Lubakik (Urretxu, 1982), Rojavan, Siriako lurretan bizi diren kurduei erretratuak ateratzen. Turkiaren enegarren erasotik ihesi, kurduek hondakinak hartu zituzten aterpe.

Non du sorburua proiektu honek?

Iazko urrian Turkiak Siriako Rojava inbaditu zuen eta Karlos Zurutuza inguruan zebilen. Erabaki zuen Siriara gerturatzea eta gertatzen ari zenaren berri ematea. Hamabost egunen bueltan itzuli zen Euskal Herrira eta kristoren sarraskia egiten ari zirela jakinarazi zidan. Gatazka ahaztuta geratzeko arriskua zegoela ikusita, mugitzen hasi ginen. Euskal Fondoan horrelako proiektuak gustura hartzen dituztela bagenekin, hots egin genien eta baiezkoa eman ziguten.

Zailtasunik izan al zenuten Siriara sartu eta zuen lana egin ahal izateko?

Abenduan joan ginen, duela justu urtebete dena prestatzen ari ginen, Siriara nondik sartu erabakitzen. Beti egoten dira zailtasunak hara sartzeko, jakina da gatazka bat bizi duen herrialdean sartzea ez dela erraza izaten. Turkiatik hegaldia hartu eta Iraketik barrena sartu ahal izan ginen Sirian.

Zerekin egin zenuten topo Rojavan?

Gatazkarekin egin genuen topo. Hiri askotan errefuxiatu asko zeuden. Kanpamenduetan edo etxe hutsetan babes hartu zuen jendea topatu genuen. Askotan eskola hutsetan ere sartzen ziren.

Zure argazkietan zer da islatu nahi zenuena?

Gai unibertsalago bat jorratu nahi genuen Karlosek eta biok. Gure gurasoei eta aitona-amonei ezagunagoa egiten zaie gerra, baina gazte jendeari arrotza egiten zaio kontzeptua bera. Exodoa, edo ihesi doazen horiengan jarri nahi genuen arreta. Pertsona horiei aurpegia jarri nahi genien, zeren hedabideetan iheslariak, soilik, zenbaki bezala agertzen zaizkigu.

Non ateratako argazkiak dira?

Panoramika bat atera nahi zan nuen, ez nion gatazkaren alde bakar bati begiratu. Gatazka hori pairatzen duten pertsonei begira jarri nahi nuen. Erretratu batzuk egin nizkien eta errefuxiatu kanpamenduetan eguneroko bizitza nolakoa den ere azaldu nahi izan nuen. Ikuspegi eta egoera ezberdinak islatu nituen argazkietan.

Baita gerra frontekoa ere.

Bai. Gerra fronte hau berezia zen. Alde galtzailean geundela esan dezakegu eta gunea droneekin kontrolatuta zegoen. Mosul, Alepo eta horrelako tokiekin alderatuta nahikoa fronte ezberdina zen. Akzioa gutxi ikusi genuen, leherketa eta tiroketaren bat bai, baina ez beste fronte batzuetan bezainbesteko mugimendurik.

Zein animorekin topatu zenituzten kurduak?

Izan genuen aukera bertakoekin egoteko, horretara joan ginen, haien testigantzak jasotzera. Egoera zen bezalakoa izanik, nahikoa animatuta ikusi genituen, lehendabiziko aldia baita azkeneko mendean kurduek Siriaren barruan autonomia bat eratu dezaketela.

Behin hona etorrita zein harrera izan du proiektuak?

Han 22 egun inguru eman genituen eta han jasotako materialarekin osatu genuen erakusketa eta 10 minutuko dokumentala, Villabonan ere ikusgai izango dena, euskaraz eta gaztelaniaz. Beste herrietan izan garenean harrera ona izan duela esan digute eta interesa piztu duela. Erakusketa inauguratu eta biharamunean hasi zen martxoko itxialdia. Hasi gara berriro martxa hartzen.

Zein publikorentzat izan daiteke egokia erakusketa?

Eskoletan jorratzeko materiala dagoela iruditzen zait. Dokumentala ikusgai dago aretoan bertan. Gazteak ohituta daude bideoetara, guk baino azkarrago kontsumitzen dituzte irudiak. Proiektua jende gazteari ere zuzendu nahi genion eta dokumentaleko gaztearekin haiengana errazagoa iritsi gintezkeela iruditu zitzaigun. Gu ere prest egoten gara argazkien atzean ezkutatzen dena azaltzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!