Santu Guztien egunerako protokolo berezia prestatu du udalak

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 27a, 14:11

Amasako hilerrira igotzeko autobusak aterako dira ordu laurdenero Olaederra kiroldegitik, 09:30etik 14:00etara. Udaltzaingoak eta boluntario talde batek argibideak eman eta jende pilaketak saihestuko ditu.

Igandean, azaroaren 1ean, Amasako hilerrira herritar asko gerturatuko direnez, Amasa-Villabonako Udalak protokolo berezi bat garatu du bisitarien segurtasuna bermatzeko eta osasun egoerak eskatzen dituen neurriak zorrotz betetzeko.

Herriko Udaltzaingoa eta boluntario talde bat ere hilerri atarian egongo dira argibideak eman eta jende pilaketak saihesteko. Kartel informatibo bat jarriko da hilerriaren sarreran eta han azalduko dira jarraitu beharreko pausoak: musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango da; hilerrira sartu aurretik derrigorrezkoa izango da eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea, udalak atarian jarriko dituen poteak erabiliz; Eta hilerrira sartzeko eta bertatik ateratzeko jarraibideak errespetatu beharko dira, gezien bidez zehaztutako ibilbidea jarraituz.

Amasa-Villabonako udalak hainbat gomendio eman ditu igandeko egunari begira. Ahal den neurrian, eguerdiko orduak saihesteko eskatu die herritarrei, "jende asko hurbiltzen baita garai horretan hilerrira". Hilerriko eremu barnealdean ahalik eta denbora gutxien egotea gomendatu eta ateratzerakoan kanpoaldean edo bide ertzetan jende pilaketarik ez sortzeko eskatu dute.

Autobus zerbitzua ere eskainiko da igandean ordu laurdenero Olaederrako kiroldegitik Amasan dagoen hilerrira joateko. 09:30etik 14:00etara eskainiko da zerbitzua. Autobusaren aforoa erdira murriztu da eta 28 plazako autobusean 14 lagun joan ahal izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!