Horma irudia egin dute Fleming herri eskolako Arroako egoitzan

Jon Miranda Labaien 2020ko urr. 20a, 10:59

Amasa-Villabonako ikastetxe publikoak 'Berdean mugitzen gara' kanpainaren barruan, Arroako eskolan irudia pintatzea eskatu die Nexgraff taldeko kideei

Fleming herri eskolak iazko ikasturtean abiatu zituen 50. urteurreneko ekitaldiak. Pandemiak bete betean harrapatu arren, uda aurretik ospakizunerako logoa, leloa eta kantua aurkeztu zituzten eta hitz eman zuten aurreikusitako festa erraldoia egiteko baldintzak ematen ez diren bitartean, ekitaldiak antolatzen segiko dutela eskolaren mende erdia ospatzeko. Berdean mugitzen gara da ekimen horietako bat, ikas-komunitate osoak martxan jarri duena.

Guraso elkartean parte hartzen du Nekane Gimenezek eta kanpainarekin bete nahi dituzten helburuak azaldu ditu: «Mugikortasunaren aldeko apustua egiten dugu ikas-komunitatean. Jasangarritasunaren bidean beste ekimen batzuk ere jarriko ditugu martxan ikasturte berrian, hamaiketako osasungarrietan eta hondakinen murrizketan arreta jarriz. Baina, nagusiki, umeak eskolara oinez joatean eragin nahi genuke».

Arroako eskolako paretan pintatu duten horma irudiak ere hori islatzen du Nerea Muñoz guraso elkarteko kidearen esanetan: «Ageri dira umeak, paisaia berdea, bide bat, patinete bat... ideia horren bueltan osatu nahi izan dugu». Lehen Hezkuntzako umeek Arratzainen dagoen zentrora joan behar izaten dute egunero eta hara igotzeko oinezko bidearen kalitatea hobetu daitekeela uste dute guraso, irakasle eta ikasleek. «Normala den bezala bertako bizilagunek kotxea erabiltzen dute herrira jaisteko eta askotan abiadura handia eramaten dute. Sakangune bat jarri daitekeela iruditzen zaigu kotxeak motelago joan daitezen eta espaloiaren egoera ere hobetu daiteke. Autobide nagusia bidearen albotik pasatzen da, eta bistan geratzen denez, zuhaixka batzuekin harresi efektua egitea ere proposatzen dugu. Hasiak gara udalarekin hizketan», esan du Muñozek.

Gimenezen hitzetan umeak eskolara oinez joatea osasungarria da, «bai fisikoki eta baita psikologikoki ere». Pandemia egoera honetan jangelan ume gutxiago geratzen denez, Arratzaindik herrigunerako joan etorriak ugaritu egin dira azken aldian. «Elizaren atzealdean egiten dute ikasleek hitzordua elkarrekin igotzeko eta polita da adin ezberdineko umeak nola doazen ikustea. Bide hori autonomiaz eta segurtasunez egin dezaten nahi genuke», nabarmendu du Gimenezek.

MUGIKORTASUNA ETA NATURA

Aipatutako ideia guztiak horma irudi baten islatu zitezen Fleming herri eskolako ikas-komunitateak Nestor eta Aitor Otaño aita-semeengana jo zuen. Nexgraff taldea osatzen dute pasaitarrek eta badute esperientzia antzeko lanetan. Villabonan «oso gustura» daude emaitzarekin.

«Hasieran gure ideia zein zen azaldu genien, gure iritzian mugikortasuna, natura eta umeak azaldu beharko liratekeela esan genien. Zirriborro batzuk aurkeztu ondoren, azken honen alde egin genuen», azaldu du Muñozek. Arrabola, pintzelak eta espraiak erabili dituzte lanerako eta asteburuak baliatu dituzte Nexgraffekoek horma irudia pintatzeko. «Umeak oso gustura daude eta irudia ikusita beste bizi poz batekin etortzen dira eskolara».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!