Amasara doan errepidean hobekuntzak eskatu dituzte

Ataria 2020ko irailaren 18a

Beatriz Unzue alkatea eta Xabat Laborde hirigintzako zinegotzia, Amasako zenbait bizilagunekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura saileko arduradunekin bildu ziren atzo eguerdian

Villabonatik Amasara doan errepidearen baldintza kaxkarren berri emateko eta egoera horri irtenbide bat bilatzeko helburuarekin egin zuten bilera Donostian.

Aurtengo otsailean Amasako bizilagun talde batek, errepidearen egoera txarrarekin kezkatuta udalera jo zuen irtenbide bila. Errepideak ez ditu oinarrizko segurtasun baldintzak betetzen ez autoentzat, ezta oinezkoentzat ere, eta ezbeharren bat gertatzeko arrisku handia dago. Amasa-Villabonako udalak herritarren kezkarekin bat egin du, eta Villabonatik Amasara doan GI-3751 errepidearen egoera konpontzeko urratsak ematen hasteko konpromisoa hartu du. Horretarako ezinbestekotzat jotzen da Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura sailarekin elkarlanean aritzea.

Zentzu honetan, Amasa-Villabonako udal gobernuak, egoera konpontzeko, eta errepidea segurua izan dadin, egin beharko liratekeen lanak jasoko duen aurre-proiektu bat osatuko duela jakinarazi dio Foru Aldundiko ordezkariei. Horretarako 15.000 euroko diru partida bat bideratuko du udalak. Aurre-proiektu horrek definituko ditu egin beharreko lanen xehetasun teknikoak eta aurrekontuaren estimazioa ere jasoko du. Ondoren, udalak Amasako herritarrei eta Foru Aldundiari aurre-proiektuaren berri emango die. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!