Argazki galeria

Zilarrezko urteurrenean, inoizko bereziena

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ira. 12a, 14:45

Irrintzi Elkartearen 25. Azoka Berezia ospatu dute Villabonan. Eguraldia lagun, aukera eta eskaintza zabala izan da Erreboteko Plazako postuetan.

Goizeko 9:30ean zabaldu dituzte postuak, eta goiz guztian zehar jende ugari ibili da postu batetik bestera. Aurtengo edizioa, gainera, berezia izan da. Batetik, 25. urtez ospatu delako azoka. Bestetik, berriz, COVID-19aren pandemiak eragindako larrialdi egoera dela eta, segurtasun eta higiene neurri bereziak hartu behar izan dituztelako. Esate baterako, norabide berean egin behar izan da postutik posturako bidea, tarteak errespetatuz. Hala ere, arazorik gabe igaro da goiza.

Artisautzako nahiz nekazaritzako produktu andana erosteko aukera izan da, plazan ezarri diren 24 postuetan: ardoa, gazta, eztia, gozoak, apaingarriak, osagarriak... Postu onenaren lehiaketa ere egin dute. Kasu honetan, hiru postu saritu dituzte:

  1. Felix Barcina.
  2. Ximun Lasa.
  3. Marta San Miguel.

Behar Zanakoena, isats gisatu onena

Era berean, Aiztondo bailarako elkarteen arteko Isats gisatuen lehiaketa jokatu da. Sei elkartek hartu dute parte aurten, eta Behar Zana elkarteak irabazi du 104 puntu eskuratu ondoren. Javi Rivero (Ama Tabernako sukaldaria) Elena Lazkano eta Arantxa Lazkano (Ongietorri jatetxea zeneko sukaldariak), Gorka Eguren (Astoria hoteleko sukaldaria) eta Xabat Laborde (Amasa-Villabonako alkateordea) epaile lanetan aritu dira.

Isats gisatu lehiaketaren sailkapena:

  1. Behar Zana elkartea (Villabona): 104 puntu.
  2. Irrintzi elkartea (Villabona): 91 puntu.
  3. Uxo-Toki (Amasa): 89 puntu.
  4. Zunbeltz elkartea (Villabona): 81 puntu.
  5. Aitzondo elkartea (Asteasu): 78 puntu.

Isats gisatu lehiaketako eta postu onenen sari banaketako argazkiak: Olatz Lasa - Aiurri

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!