Oinarrizko produktuen bilketa, behar dutenei laguntzeko

Ataria 2020ko irailaren 9a

Amasa-Villabonako Elkartasun Sareak oinarrizko produktuak biltzeko kanpaina abiarazi du egoera ekonomiko larrian daudenei lagundu ahal izateko. Ekarpenak irailaren 12a arte egin ahal izango dira. 

Amasa-Villabonako Elkartasun Sareak, udaleko Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean, oinarrizko  produktuen bigarren bilketa abiarazi du. Egoera ekonomiko larria bizi dutenentzat oinarrizko produktuak biltzea da elkartasun ekimenaren helburua. 

Atzo hasi zuten bilketa eta larunbata arte luzatuko da. Herritarrek Amasa-Villabonako  hainbat saltokitan jarritako kutxetan utzi ditzakete produktuak, eta larunbatean bertan Eroski eta BM supermerkatu atarietan egongo dira ere.

Kanpainaren helburua oinarrizko produktuak biltzea da. Batetik, elikagaiak jasoko dituzte, hala nola, olioa, lekaleak, kontserbak, pasta eta arroza, esnea edota gailetak. Bestetik, xanpua, bainurako gela, pixoihalak, konpresak, detergentea edota lixiba bezalako garbiketarako produktuak bilduko dituzte. Eta azkenik, eskolarako materiala uzteko aukera dago; arkatzak, boligrafoak, koadernoak, pinturak, borragomak, zorrozkailuak eta abar. 

Amasa-Villabonako Elkartasun Sarea egoera ekonomiko larria bizi dutenak eta bazterketa arriskuan dauden herritarrak laguntzeko elkartasun dinamika herritarra da eta bertan parte hartzeko aukera dago, horretarako 627 364 521 telefono zenbakira deitu daiteke. 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!