Autoritarismoaren, kapitalismoaren eta patriarkatuaren kontra

Ataria 2020ko uztailaren 9a

Gazteen botoa «ezkertiarra, feminista, ekologista, independentista eta euskalduna» dela eta balio horiek «EH Bilduren proiektu politikoa» direla aldarrikatu dute Villabonan.

EH Bilduren proposamenen alde azaldu diren gazteek diote «autoritarismoaren, kapitalismoaren eta patriarkatuaren kontra, irautera kondenatzen gaituen ereduaren aurkako» proiektua nahi dutela. «Eskuin muturraren eta EAJren ereduaren eta azaleko aldaketak ekarriko dituztenen gainetik salto egiteko» garaia dela esan dute eta «aldaketa erradikala eta erreala» behar dela aldarrikatu dute.

Igandeko hauteskundeak COVID 19-ak goitik behera baldintzatutako testuinguruan ospatuko direla uste dute. «Azken hilabeteetan behin eta berriz errepikatu dugu: krisi sanitarioak bestelako krisi batzuk azaleratu ditu, baina ez ditu sortu. Sistema bera da pandemia eta bertan dago krisi hauen erroa. Horregatik, nahiz eta askok gu konbentzitu nahi izan, argi dugu kapitalismo heteropatriarkalaren berregituratzea dela normaltasun berriaren ideiarekin mozorrotu digutena».

Testuinguru horretan, eredu aldaketa inoiz baino beharrezkoagoa dela uste dute: «Aldatu beharrekoa, eredua zein sistema bera dela argi geratu baita. Eta ataka horretan kokatzen dira uztaileko hauteskundeak; izan ere, mahai gainean duguna bi ereduren arteko talka da: kapitalaren eredua edo bizitzak erdigunean jartzen dituena, EAJren euskal oasia edo EH Bilduren alternatiba». Bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu bat defendatuko dutela esan dute eta «euskal herritar guztiok etxebizitza, osasuna, hezkuntza, enplegu duina, planeta jasangarria eta zaintza sistema publiko eta komunitarioa bermatuko duen eredua» defendatuko dutela.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!