Koronabirusa

«Garrantzitsua da guretzat horrelako salmenta guneak edukitzea»

Ataria 2020ko martxoaren 24a

Anoetako Sarobe baserrian Gregorio Zuaznabarrek eta Ana Agirre Bengoetxeak ekoizten dituzten produktuak salgai izan dira gaur Villabonako Berdura plazan. Ana Agirre Bengoetxeak hitz egin du TOLOSALDEKO ATARIArekin.

Zein neurri hartu dituzue azoka egin ahal izateko?

Mahaiak distantzia jakin batera jarri ditugu. Bezeroa eta gure arteko tartea errespetatzeko Berdura plazan egoten diren eserlekuak baliatu ditugu. Garbitasuna errespetatzeko maskarak eta eskularruak erabili ditugu eta uneoro garbitzen ditugu eskuak ura eta xaboiarekin. Gure ustez, beharrezko neurri guztiak hartuta gabiltza.

Baserritarrontzat garrantzitsua da azoka?

Garrantzitsua da guretzako horrelako salmentarako guneak edukitzea. Bestela nola aterako ditugu gure produktuak? Alperrik galduko lirateke. Astero azokara gerturatzen den jende askok ez daki nola jarri harremanetan gurekin. Etxez etxeko zerbitzu hori eman dezakegu, baina ez nahi adina.

Ohikoa baino bezero gutxiago gerturatu al da?

Jende multzo handirik ez da izan. Gehienbat goizean goiz mugitu da jendea; 08:00etan banuen bezero bat zain. Gero gerturatu dira banaka batzuk. Aurreko egunetan aritu zaizkigu galdezka telefonotik ea azokarik izango ote zen. Deiak probestu ditugu eskariak jasotzeko. Saskiak prestatuta ekarri ditugu multzoak ekiditeko.

Nola sumatu dituzu bezeroak?

Orokorrean tristura sumatzen dut. Bihar zer izango den ez dakigu eta egunean egunekoarekin bizitzen ari da jendea. Ikusten da errespetatzen direla neurriak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!