Jende asko gerturatu al zaizue egun hauetan?
Bai, eta asko gainera larrituta gerturatzen zaizkigu. Koronabirusaren gaia txantxetan hartzetik kezkaz hartzera pasa gara. Gure lana jendea lasaitzea, da neurri handi batean.
Zer eskatzen du jendeak farmaziara etorrita?
Ahal duten guztia eskatzen dute, antsietate apur batekin. Guk esana diegu bezeroei ez dela sendagaien hornikuntza faltako. Hala ere, eskaeran gehikuntza egon denez, parazetamol mota batzuk falta dira, aurreikuspen guztiak hautsi baitira azkeneko orduetan.
Beste ezer falta zaizue orain farmazietan?
Bai. Hilabete hasieratik falta dira higiene produktuak: eskularruak, maskarak eta gel hidrogenikoak. Orain gobernuak atxikita dauzka maskarak, baina aurreko asteetan guk eskatu eta ez zitzaizkigun iristen. Ez dakit zein den arazoa.
Gel hidrogenikoak zeuek egiteko aukera izan duzue?
Saiatu gara, baina formula egiteko osagaiak dagoeneko faltan ditugu. Orain ospitaletan beharrezkoa izan daitekeen materiala konfiskatzen ari da gobernua, hortaz, aukera hori gabe geratu gara. Ezin ditzakegu osagai horiek saldu ere egin.
Noizko izango dituzue produktu horiek?
Ez dakigu esaten. Jendeari tarteka galdetzeko eskatu diogu, eta bien bitartean, eskuragarri duten horrekin moldatzeko. Eskuak ura eta xaboiarekin maiz-maiz garbitzeko esaten diegu.
Neurri berezirik hartu al duzue lanerako?
Bai, joan den igandeaz geroztik manpara batzuk jarri ditugu mostradorean gure buruak babesteko. Gutako bat gaixotzen bada ezingo genuke arreta jarraitua eskaini eta egoera hori emango balitz farmazia elkargotik esan digute aukera izango genukeela, berriro ere, aurreko ordutegira itzultzeko.
Gomendiorik ba al duzue?
Kontu handiarekin ibili dadila jendea. Ahal dela ez dezatela esku dirua erabili eta distantziak gorde ditzatela.