Gaurtik herritarrek ezin dute anbulatorio eta ospitaletara mediku kontsulta pasatzera joan. Aurrez aurreko hitzorduak bertan behera uztea adostu zuten igandean Osakidetzak eta Onkologikoak, eta honenbestez, datozen egunetan medikuarekin hitzordua zutenek zain egon beharko dute. Osasun saileko arduradunek jakinarazi dutenez telefonoz hots egingo diete egoera ebaluatu eta soilik beharrezkoa bada, osasun zentroan aurrez aurreko kontsulta bat hitzartzeko.
Gipuzkoako ESIak zabaldu du albistea eta neurri hauek ospitaletako espezialitateetako kontsultei ere eragingo die. Asuncion klinikan ere, bertan behera geratu da eguneko jarduera kirurgikoa eta baita aurrez programatutakoa ere. Gaixoa arrisku bizian dagoenean baino ez dira egingo ebakuntzak eta salbuespena izango dira, baita ere, gaixo onkologikoak. Osakidetzak jakinarazi duenez, Onkologia sailean tratamendua jasotzen duten gaixoen kontsultak ez dira etengo eta aurrez programatutako saioekin jarraituko dute.
Jende pilaketa ekiditeko
Osakidetzak koronabirusaren kutsatzea gutxitzeko helburuarekin hartu ditu neurriok. Aurrez programatutako mediku probak, oraingoz, bertan behera geratuko dira eta soilik larritasunagatik beharrezkoak diren odol ateratzeak onartuko dira, baita programatutako sendatzeak ere.
Osasun sistema osoa berregituratzen ari da Eusko Jaurlaritzaren Osasun saila, koronabirusarekin kutsatutako gaixoak artatzeko, baina aldi berean gainerakoak artatu gabe ez uzteko. Asmo horrekin jarri dute martxan kontingentzia plana Villabonako Erniobea osasun zentroan. Irura, Anoeta eta Aiztondoko herriei zerbitzua eskaintzen dien anbulatorioa da eta Pablo Daza medikua unitate burua da bertan: «Errespetuz eta kontzientzia handiarekin erantzun du jendeak eta oso eskertuta gaude. Egoera zaila izan arren eta norberak bere minak dituen arren, Villabonako osasun zentroan lasaitasuna da nagusi».
Egoerari aurre egiteko gune bat egokitu dute Villabonako osasun zentroko beheko solairuan, «kalentura edo arnas aparatuan arazoak dituztenentzat». Era horretan, anbulatorioko beste zonaldeetatik aparte geratzen dira bertan egoten diren gaixoak. «Hala ere, koronabirusaren sintomak dituenak 900 20 30 50 telefonora hots egin beharko du eta guk profesionalok erabakiko dugu zein den jarduteko modu egokiena. Etxean gelditu edo hona etorri behar ote duten jakinaraziko zaie», esan du Dazak. Aitortu du herritarren eskura jarritako linea okupatuta egoten dela askotan eta horrelakoetan anbulatorioko telefono zenbakira deitzeko aholkatu die herritarrei. «Hemen kasu egingo diegu».
Villabonako osasun zentroko lehen solairuan familia medikuek lanean jarraitzen dute eta bigarren solairuan baita pediatrek ere. «Ohiko gaixotasunen jarraipena egiteko aurrez aurreko kontsultak bertan behera utzi ditugu eta ahal den neurrian mediku bakoitza saiatuko da telefonoz argibideak ematen», aipatu du unitate buruak. Baina momentuko arreta behar duten gainerako gaixotasunak artatuko dituzte anbulatorioan, orain arte bezala, Dazaren esanetan, «urgentziazkoak» direnak.
Herritarren jarrera eredugarriarekin batera, bere lankideena ere aipatu du Villabonako osasun zentroko arduradunak: «Oporrak hartzekotan ziren lankide asko jai egunik gabe geratu da eta zaintza lanetarako murrizketa hartua zuten osasun langile asko lanean ari da egunotan. Oso erantzun ona eman dute osasun langileek».
Gainerakoan, ohiko gomendioak eman ditu Dazak: «Eskuak maiz garbitzea, eztula eta doministiku egitean ukondoa erabiltzea, osasun arreta zuhurtziaz eskatzea, premiazkoa ez bada bidaiarik ez egitea... Horiek dira prebentzio neurri nagusiak koronabirusari aurre egiteko».