«Aitak jorratu zituen gaiek gaurkotasun handia dute»

Jon Miranda Labaien 2020ko mar. 15a, 08:57

Ertz askotatik begiratu ahal zaio Vicente Ameztoiren ibilbide artistikoari, eta, Virginia Ameztoi, bere alabaren ustez, alde guztiak hartzen ditu kontuan Bilboko erakusketak, «zentsurarik gabe».

Bihar, gainerako amasar eta billabonatarrekin batera eta aitaren obraren inguruko erakusketa bisitatzen Bilbon izango da Virginia Ameztoi (Villabona, 1972). Biharko hitzorduan parte hartzeko aukera ez dutenei ekainaren 7a baino lehen Arte Ederren Museora gerturatzeko gonbita luzatu die.

Pozik zaudete aitaren atzera begirako hau prestatu dutelako?

Guretzat oso momentu hunkigarria izaten ari da, alde guztietatik begiratuta. Aspaldi hasi zen proiektu bat da eta azkenean forma eman zaio. Oso-oso pozik gaude Bilbon ikusgai dagoena bilduma osatua delako eta jendeak aukera paregabea izango duelako orain aitaren obra gozatzeko eta ulertzeko.

Beranduegi datorrela esango zenuke?

Ez, ez zait iruditzen berandu datorrenik, alderantziz esango nuke, oso momentu egokia da erakusketa hau antolatzeko. Uste dut nire aitaren obrek denboraren joana oso ondo jasaten dutela eta izan daiteke aitak jorratu zituen gaiek gaurkotasun handia dutelako oraindik ere.

Amasa-Villabonako Udalak 'Etxe-Ondotik' erakusketa antolatu zuen 2012an. Nola gogoratzen duzu?

Izan zen erakusketa bat bertako herritarrei begirakoa. Aita hil zeneko 10. urteurrenaren harira, omenaldi gisara antolatzea proposatu ziguten eta prest agertu ginen bere obra jendearekin konpartitzeko. Aitaren izateko modua ere horrelakoxea baitzen, beti konpartitzen zituen bere kezka eta egonezinak jendearekin. Gauza pertsonalagoak eraman genituen erakusketa horretara, erabiltzen zituen objektuak edota gustuko zituen musika taldeen kamisetak. Zerbait intimoagoa egin nahi izan genuen orduko hartan. Olio lan pare bat eta kaxekin, aldizkarien azalekin, kartelekin eta horrelakoekin osatu genuen erakusketa.

Etxe-Ondo etxearekin zein harreman zuen zure aitak?

Etxea betidanik familiarena izan da. Oso etxe zaharra da. Nire aita Donostian jaio zen baina bisitan askotan etortzen zen hona. Pixkanaka konturatu zen ingurune honekin lotura handia zuela. Indartzen joan zen harreman hori eta 19-20 urterekin erabaki zuen hona etortzea. Amarekin etxean ezkondu zen, kapera bat ere badagoelako bertan eta ordutik hemen lekutu zuen estudioa. Bizi izan zen artean, gainera, herritarrentzat zabalik egoten zen beti atea. Gustatzen zitzaion jendearekin kontutan aritzea, arratsalde pasa. Gainera herritarrekin bazuen harremana, gaztetxera gerturatzen zen, adibidez, hangoei mural batekin laguntzera. Gustatzen zitzaion kalean egotea eta zer gertatzen ari zen jakitea.

Bilbokoa Vicente Ameztoiren obra osoa ulertzeko lagungarri den erakusketa bat dela uste duzu?

Bai. 53 olio dira eta erakusketan presentzia handia eman diete oso lan indartsuak direlako. Gero obra grafikoa dago. 60ko hamarkadaren bukaeratik aurrerako lanak bildu dituzte eta horrek aitaren obraren bilakaera ulertzen laguntzen du. Arte lanetan sartu zituen elementu berriak ikusteko aukera dago obraz obra. Oso aukeraketa ona egin dute: obra grafikoak, paperezko lanak, marrazkiak... Eta garrantzitsuena da bere alde guztiak ikusteko aukera ematen duela erakusketak, badaudelako paisaiak baina baita esanahi politikoa duten obrak ere. Zentsurarik gabeko erakusketa da. Oso ondo geratu da.

Erakusketan ikusgai diren obra batzuk Bilboko Arte Ederren Museoaren jabetzakoak dira baina badira bilduma pribatuetatik eramandakoak ere.

Bai. 60. hamarkada bukaeran Madrilen erakusketa bat antolatu zuen aitak eta 70.ean beste bat, oso garrantzitsua. Obra dezente saldu zituen orduan, garai horretan asko ekoizten baitzuen. Hurrengo urteetan bere lana aldatzen joan zen, arte zirkuitutik ateratzea erabaki zuen, konturatu baitzen ezin zituela bete eskatzen zizkioten baldintzak eta epeak. Orduan beste modu batera lanean hasi zen, enkarguz, eta horrela eman zituen hurrengo urteak. Hil artean, hori bai, beti lanean aritu zen. Artelekurekin, esate baterako, harreman handia izan zuen eta katalogo garrantzitsua egin zuen, Karne&Klorofila izenarekin. Batez ere obra grafikoa landu zuen, besteak beste, duela gutxi hil den Don Herbert litografoaren tailerrean.

Zure aita artista ezaguna zen Euskal Herrian. Hemendik kanpora ere bere obra ezagutzen dutela uste duzu?

Orain, Bilboko Arte Ederren Museoan ikusgai den erakusketaren zati bat, 40 obra, Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan egon da ikusgai urte hasieran. Erakusketarako prestatu duten katalogo ederrak lagunduko du aitaren lana ezagutarazten. Nik uste bazituela bere jarraitzaileak, baina beste jende askok ez zuela ezagutzen. Horregatik diot momentu aparta dela ezagutzen ez zutenek aitaren obra goza eta ezagutu dezaten.

Erlazionatuak

Etxe ondotik Bilbora, Ameztoi lagun

Jon Miranda Labaien 2020 mar 15 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!