Etxe ondotik Bilbora, Ameztoi lagun

Jon Miranda Labaien 2020ko mar. 15a, 08:59

Vicente Ameztoiren ibilbideari eta lanari buruzko berrikusketaren bertsio zabala programatuta zegoen Bilboko Arte Ederren museoan egun hauetan. Koronabirusaren hedapena geldiarazteko ekintza-protokoloa betez museoak ateak itxi ditu. Etxe-Ondon bizi izan zen pintoreari eskainitako erakusketaren nondik norakoak jasotzen dira segidan. Amasa-Villabonako herritarrak bisita gidatua egitekoak ziren, baina ekitaldi publiko guztiak bezala bertan behera geratu da. 

Amasa-Villabonako Udalak 2012an inauguratutako Etxe Ondotik erakusketaren inaugurazio ekitaldian Bernardo Atxagak esan zuen: «Harritu egiten naiz, oraindik Euskal Herrian, Bilboko Arte Ederren Museoan, nola ez zaion [Ameztoiri] erakusketa zabal bat egiten». Zortzi urte pasa behar izan dira idazle asteasuarraren hitzak egia bihurtzeko. Datorren ekainaren 7ra arte Vicente Ameztoiren 53 margolan, hainbat collage, kartel eta marrazki biltzen dituen erakusketa izango da ikusgai, orain arte artistari eskaini zaion mostrarik osoena. Bihar, Amasa-Villabonako 66 lagunek ordu eta laurdeneko bisita gidatua egingo dute erakusketan.

Margolariaren heriotzaren 10. urteurrenaren harira antolatu zuten duela zortzi urte erakusketa Villabonako Gurea aretoan. Orduko udal ordezkariek Ameztoi herritar «aktibo» bezala gogoratu zuten, «parte hartzailea, eta batez ere, altruista. Beti zegoen herritarren ondoan eta herriaren alde egiteko prest».

Bere bizitzaren azkeneko 30 urte luzeak Villabonako Etxe-Ondon eman zituen Ameztoik eta bertan ondu zuen bere obraren zatirik garrantzitsuena, toki hori baitzuen, neurri batean, inspirazio iturri. 2012ko erakusketa Etxe-Ondotik bertatik eramandako obren bilduma batekin osatu zuten eta artistak erabiltzen zituen teknika ezberdinak erakutsi zituzten Gurea aretoan. Urte hartan bertan, familiaren bultzadaz Ameztoiren lanekin beste erakusketa bat zabaldu zuten Donostian. Aurrez ere eskaini izan zitzaizkion atzera begirako erakusketak, Donostiako Koldo Mitxelenan (2000), Bastidako Remellurin (2000) eta Gasteizko Artiumen (2003), baina sekula ez zaio orain Bilbokoa bezain osorik antolatu. Arte Ederren Museokoa da haren ibilbide osoa kontuan hartzen saiatu den bakarra, 1968tik hasi eta 2001era arte.

Bilbora iritsi baino lehen, Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan egon dira ikusgai Ameztoiren berrogei lan. Nahiz eta txikiagoa izan bilduma, artistaren lanak piztutako lilura nabarmendu dute Zirkuluko arduradunek. Erakusketak 10.000 bisitari izan ditu eta kritika positiboak jaso ditu.

Javier Viar arte historialari eta Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari izandakoak sustatu du ekainera arte ikusgai izango den erakusketa, Miriam Alzuri komisarioarekin batera. Bi argitalpen ere kaleratu dituzte erakusketarekin batera. Katalogoa da bata, besteak beste, Joseba Sarrionandiaren testu bat, Viarren beste bat eta Alzurik prestatutako kronologia zehatza dakartzana. Bestea, berriz, liburua da, Viarrek berak Ameztoiri buruz idatzitakoa: Vicente Ameztoy. La transfiguración melancólica (Vicente Ameztoi. Antzaldatze malenkoniatsua). Gaztelania hutsean kaleratu dute eta artistaren ibilbideari, eraginei eta lanei buruzko lan mardula da.

Vicente Ameztoi 1946 - 2001

Aurreko belaunaldiko euskal artisten hizkuntza abstraktuaren parez pare, Vicente Ameztoik (Donostia, 1946 - Amasa-Villabona, 2001) aurreko mendeko 70eko hamarkadako euskal artea eraldatu zuen figurazioaren alde egin zuen, eta figurazio horri, subjektibotasunarekiko, misterioarekiko eta ironiarekiko zuen interesa gehitu zion. Aipatzeko da artistak zuen gaitasuna itxuraz arruntak ziren osagaiak, paisaia esaterako, osagai aztoratzaile bihurtzeko. Euskal Herriko kultura eta historia garaikidearen aipamenekin batera, Ameztoik hainbat erreferente erabili zituen. Erreferentzia horiek guztiak hartu eta estilo sofistikatuaren, teknika zehatzaren, bere interesen ekologia, argazkilaritza edota zinema eta bere gorabehera biografikoen galbahetik pasatzen zituen.

Bilboko Arte Ederren museoan 53 margolan jarri dituzte ikusgai. Horietako batzuk oso enblematikoak; esate baterako, bere azken lan garrantzitsua: Rodriguez Hernandorena familiaren enkarguz, Bastidako Remelluriko Amaren ermitarako 1994 eta 2001 artean egindako margolanen zikloa. Beste asko bilduma partikularretatik datoz, eta, batez ere, 1970 eta 1980ko harmarkadetan erositakoak direnez, orduz geroztik oso gutxitan ikusi ahal izan diren obrak dira. Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumatik lau obra ikusi ahal dira: Izenbururik gabe (c. 1972), Izenbururik gabe [Juan Luis Goenagaren erretratua] (1976); Izenbururik gabe [Poxpolinak (Arias Navarro)] (1977); eta Izenbururik gabe [Ahoa] (1979).

Margolanez gain, paperean egindako hainbat obra ere badaude ikusgai Bilbon (marrazkiak, estanpak eta kartelak), baita askatasun osoz elkarganatutako objektuak biltzen dituzten collage-kutxa edo dokumentazioa, esterako, marrazki-koadernoak, liburuxkak eta liburuak. Ameztoiren obrari buruzko Miradas (1969) film laburra ere proiektatzen dute erakusketan.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!