Arreta espezifikoa behar dute

Jon Miranda Labaien 2020ko urt. 16a, 11:58

Hezkuntza inklusiboaren ikuspegitik motxiladun haurren premien inguruko analisia osatu du Esti Amenabarro EHUko irakasle billabonatarrak, Mariam Bilbabatua hezkuntza adituarekin batera.

Gurasoak kartzelan dituzten haur eta nerabeek, hezkuntzaren ikuspegitik arreta behar dute. «Arreta espezifikoa». Hori uste dute, behintzat, Mariam Bilbatua Mondragon Unibertsitateko irakasle ohi eta hezkuntza adituak eta Esti Amenabarro Hezkuntza Zientzietako doktoregai eta EHUko irakasleak. Sare herritarrarentzat lan bat osatu dute ume hauen hezkuntza premien inguruko analisia jasoz. «Hezkuntza teoria eta praktikari buruz gogoetatzen dugu unibertsitatean eta errealitate honi markoa jarri nahi izan diogu ikerlan honekin», aipatu du Amenabarrok.

Hezkuntza inklusiboaren ikuspegia hartu dute oinarri: «Europako testuinguruan hezkuntza berrikuntzarako ardatza da inklusioa, errealitate guztiak aintzat hartzea proposatzen duena. Eskoletan zehazki, eta hezkuntza sisteman oro har, aniztasun handia dago eta ume asko ez diren arren, kualitatiboki esangura du motxiladun haurren errealitateak», esan dute egileek. Sare elkarteak Euskal Herrian 105 motxiladun ume zenbatu ditu, horietako 8 Tolosaldean. Euskal presoen anai-arreba, iloba, lehengusu eta bilobak kontuan hartuz gero, ordea, adin txikiko 1.500 pertsonari eragiten dio errealitate honek; horietako 23 eskualdekoak.

Frantziako eta Espainiako estatuek euskal presoekin daramaten espetxe politikak ondorioak ditu haur eta nerabeengan, gurasoekin harreman mugatua izaten baitute. Horri dispertsio politika gehitu behar zaio: bidai luzeak eta neketsuak egin behar izaten dituzte, ordutegi desegokietan. «Ume hauek ezin dira kirol edo aisialdiarekin lotura duten taldeetako kide izan, asteburuko hitzorduetara ezin direlako joan. Urtebetetze festetara ere ezin dira joan, garai horretan errepidean daudelako», dio Amenabarrok.

Gurasoetako bat edo biak kartzelan egoteak umeen garapen afektibo, emozional, kognitibo, sozial eta psikomotorrean eragiten du eta dispertsioak eragin hori biderkatu egiten du. Ikerlanaren egileek uste dute, gizarteak oro har, eta eskolak bereziki, ezin diola iskin egin errealitate honi, «eskola ikasi eta irakasteko espazioa izateaz harago, alde anitzeko interakzioak gertatzen diren gune sozializatzaile zabala baita».

BALIABIDE FALTA

Motxiladun haur hauetako batzuk espetxe barruan bizi izan dute hezkuntza sistemarekin lehenengo harremana, hiru urte bete bitartean, legez, gurasoarekin egoteko eskubidea dutelako. Behin adin horretara iritsita, ordea, legediak horrela behartuta gurasoengandik urrundu eta kalean, ohiko ikastetxeetan, jarraitu behar izaten dute eskolatze prozesuarekin. Amenabarrok eta Bilbatuak «trantsizio» epe horretan jarri dute arreta eta egoera honetan dauden ikasleekin jardun pedagogikoa garatzeko, material «zehatz eta pertinenteen» beharra azpimarratu dute.

Lan hau errealitate hori bizi duten haurrekin ari diren irakasleen ahotsekin osatu dute. «Haien kezkak eta beldurrak jaso ditugu eta guretzat irakaspen ezin egokiagoak dira etorkizuneko proposamenak lantzeko. Eskertuta gaude, haiek jarri gaituztelako benetako ispiluaren eta beharraren aurrean», azpimarratu du billabonatarrak. Bost eskoletako irakasleak elkarrizketatu dituzte, ikuspegi kualitatibotik.

Hezkuntza arloko bi ikerlariek aurretik zituzten hipotesiak baieztatu dituzte irakasleekin bildu ondoren: «Esan digute, gehienetan egoerari norbere modura egin behar izan diotela aurre, informazio oso gutxirekin». Irakasleak ume hauen errealitatera ahalik eta modu zehatz eta sistematikoenean gerturatzeko formazioa beharrezkotzat jo dute hezkuntza arloko adituek. «Baliabideen inguruko planteamendu berriak, hezkuntza eragileekin lan saioak, kontzientziazio lana eta formaziorako esparru berriak sortzeko asmoa adierazi digu Sarek eta Mariamek eta biok disposizio osoa dugu horretan laguntzeko», aipatu du Amenabarrok. Ikerlanaren amaieran, eskolan erabili daitezkeen zenbait material eta haien erabilera didaktikoak azaldu dituzte, proposamen gisa.

Orain arte irakasleek beren kabuz ume hauek eskolan eroso egoteko gauza «oso inportanteak» egin izan dituztela aipatu dute bi adituek, baina orain hezkuntza arloko eragile eta arduradun politikoei neurriak hartzea egokitzen zaiela uste dute: «Hasi besterik ez gara egin, markoa jarri dugu, detektatu ditugu behar batzuk eta zeregin batzuk identifikatu. Orain dagokionak gaiari heldu beharko dio». Gizartean espetxearen inguruan eraikita dauden estereotipoak aldatu eta beste begirada batetik begiratzen ikasten hasteko abiapuntua, eskolan dago.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!