'Motxilak gora!' ekitaldia egingo dute igandean

Jon Miranda Labaien 2020ko urt. 16a, 10:34

Igandean Motxilak gora! ekitaldia egingo da Donostiako Atano pilotalekuan 11:30ean, Xua eta motxiladun haur guztiak gurasoekin etxean egon daitezen eskatzeko.

Ekitaldia Sarek antolatu du Porrotx pailazoarekin batera. Sarrerak aurrez www.sare.eus webgunearen bidez eskuratu daitezke. Aurrez 6 euro balioko dute, eta 8 euro egunean bertan. 0-2 urte artekoek doan izango dute.

Olatz Lasagabasterren eta haren bikotekide Patxi Urangaren alaba da Xua. Picassenteko espetxean daude hirurak, baina Xuak 3 urte beteko ditu igandean eta Usurbilera etorriko da amonarekin bizitzera. Esti Amenabarroren esanetan, «gurasoek zigorraren hiru laurdenak beteta dauzkate eta umearekin Usurbilera etortzeko eskubidea dute; borondate eta ausardia politikoa behar dira horretarako».

Hemendik aurrera 600 kilometro inguru egin beharko ditu Xuak gurasoak ikusteko. Banaketa hori eragozteko eskatzen dute Sarek eta Xua gurasoekin etxera plataformak. «Banaketa benetan gogorra izango da», aipatu dute bi erakundeek. Gipuzkoako Batzar Nagusiek urtarrilaren 8an mozioa onartu zuten EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek, Xua gurasoekin batera etxera ekartzeko eskatuz. Espetxe Zuzendaritzara, Zaintzako Epailearengana eta Espainiako Barne Ministeriora bidali zuten eskaera baina oraingoz ez da baiezko erantzunik jaso.

Amenabarroren hitzetan motxiladun haurren hezkuntza premien inguruko analisia momentu egokian dator. «Espetxe barruko eskolatik Usurbilgo eskolara Xuak egingo duen trantsizioa, trantsizio egoki bat izateko badaude aukerak». Billabonatarrak pertsonalki ezagutzen ditu Xuaren irakasle izango direnak, eta bere ustetan, «prestatuta eta formatuta» daude, «hezkuntzaren ikuspegi inklusiboa dute».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!