EAJk Kale Nagusiko "sistema zigortzailea" gelditzea eskatu du

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 9a, 19:58

Udalak ibilgailuak sartzeko ezarri berri duen sistemak kaleko ziurtasuna ez duela bermatzen azaldu dute Villabonako EAJ-tik. Horrez gain, bizilagunen oniritzirik ez duela gaineratu dute.

EAJ-PNVko udal taldeak, EH Bilduren gobernu taldeak Kale Nagusian ibilgailuak sartzeko ezarri berri duen "sistema zigortzailea" bertan behera geratzeko eskaera egin du. "Sistema berri hau martxan jartzeak zalantza asko sortzen dizkigu emaitzak ez baitaude argi, eta gainera, informazio eta egiaztapen nahikoa egin gabe jarraitzen ari da aurrera", azaldu dute EAJ-ko udal ordezkariek.

Informazio eza ere salatu du oposizioko alderdi nagusiak: "Bere diseinurako ez zaigu alkatearen aldetik inolako informazio ziurrik eman oposizioan gauden alderdioi; ez da batzorde informatiborik deitu eta batzarretan ere ez da gaia landu. Horrez gain, EH Bilduk ez du Kale Nagusiko bizilagunekin bilerarik egin eta hauek hainbat elegite eta eskaera aurkeztu dituzte eta den-denak baztertuak izan dira. Eta hau gutxi balitz, Udaltzaingoak informazio eskasa izan du".

Informazio ezaren barruan, EAJ-tatik azaldu dutenez, esleipena ere ez da gardena izan: "Ez dira esleipenaren nondik norakoak ezagutzen (badirudi Euskal Herrikoa ez den enpresa bat dela) eta herritarrei helarazi zaien informazioan isunak zenbatekoak izango diren ez da esaten, informazioa ezkutatuz. Oraindik gehiago, ez da esaten nola bermatuko den kaleko ziurtasuna ez baitira pilote eta barrerak ipini; sistema ezagutzen ez duen pertsona bat abiadura handian sar daiteke Kale Nagusian, herritarrak harrapatu eta istripuak egoteko arriskua areagotuz".

Andoaingo esperientzia gogora ekarri dute EAJ-ko kideek, ondorengoa ondorioztatzeko: "Sistema honek kezka izugarriak sortzen dizkigu. Andoainen antzeko sistema bat ipini dute eta problemak ugaritzen doaz".

"Inposaketaren bidea"

EAJ-ko udal taldeak "zaborrekin egin zutena" gogoratu du sistema berriaz hitz egiterako garaian: "EH Bilduren gobernu taldeak bertako bizilagunekin gaia landu ez izanak asko arduratzen gaitu, eta gainera, zaborrekin egin zuen bezala, inposaketaren bidea jarraitzen ari da beste behin, diru bilketa helburu duen sistema bat ezarriz; alkateordeak esan bezala 'sistema honetan gastatutako dirua zigorren bitartez berreskuratuko da'”.

Azkenik, EAJ-k argi du zein urrats eman beharko liratekeen: "Sistema berri hau mantentzeko diru asko bideratu beharko delako udal aurrekontutik, EAJ-PNVk sistema hau bertan behera uzteko aurreikuspena egitea eskatzen du, ez baititu bertako bizilagunen beharrak asetzen: zalantzak argitu behar dira, alderdi politikoekin hitz egin, eta batez ere, bizilagunen iritzia ezagutu. Ezin da egun guztia herritarren parte hartzeaz hitz egiten egon eta gero inposaketaren bidea aukeratu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!