Amasa-Villabonako alkateak azalpenak eskatu dizkio Bide Azpiegituretako sailari

Ataria 2019ko abenduaren 27a

Atzoko agerraldiko irudia.

Amasa-Villabonako udal gobernuak kexa gutuna bidali du Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako sailera, atzo Legarretako zubian egindako agerraldiaren harira.

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua izan zen atzo Villabonan, Legarretako zubiaren lanen inguruko azalpenak emateko. Diputatua Villabonako EAJ alderdiko hiru zinegotzirekin bildu zen bertan, eta Amasa-Villabonako udal gobernuak jakinarazi du ez zutela agerraldiaren berri. "Hiru zinegotziak legealdi honetan oposizioan dagoen talde politiko batekoak dira. Dirudienez, zinegotzi horiek bazuten prentsa agerraldi horren berri", esan dute. Udalak eta alkatetzak berriz, ez zuten agerraldiaren berri izan, eta hori dela eta kexa eta azalpen eskaera bat bideratu dute Bide Azpiegituretako sailera.

Beatriz Unzue Esnaola alkateak sinatu du gutuna eta esan du jokabide hori "ezegokia" dela: "Pentsatzen dut kasu honetan jarraitu den moldeak, erakunde edo instituzio publiko ezberdinen arteko harremanetan egon behar lukeen leialtasun eta zintzotasuna urratu duela". Agerraldiaren helburu alderdikoia era salatu du gutunean, "jokabide hori ezegokia izatez gain, helburu alderdikoiak izan ditu tartean, zehazki Amasa-Villabonako EAJ-PNV alderdi politikoaren interesek zerikusia izan dute afera honetan". Gutunean azalpenak ere eskatu ditu alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!