Legarretako zubiaren segurtasuna areagotu dute

Ataria 2019ko abenduaren 26a

Gipuzkoako Foru Aldundiko Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua izan da gaur, Villabonako Legarreta zubian. Oinezkoek orain, bi metroko zabalera duen pasabidea dute, eta esan du egindako lanak "gune beltz" horren segurtasuna bermatzeko izan direla.

Villabonako Legarreta zubira gerturatu da gaur, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua. Zubia berritu dute eta zituen segurtasun gabeziak bideratu dituztela nabarmendu du: "Errepide berean duela gutxi ibilgailuak eta oinezkoak joan behar zuten, denak plataforma berean, arriskua sortuz, batez ere oinezkoei begira. Kamioi gidariek ere ezin zuten ondo  ikusi". Diputatuak zehaztu du errepidearen plataformaren zabalera bera izaten jarraitzen duela, baina orain ibilgailuentzat bakarrik dela, "oinezkoak orain segurtasunez ibili ahal dira, bi metroko zabalera duen pasabide propioa dutelako eta lasai ibili ahal dira bertan".  Era berean, zubia emakumeentzat puntu iluna zela esan du, eta horri irtenbidea emateko argiztapena jarri diotela nabarmendu du.

 

Kritikak

Oiarbidek era berean, ibilgailuak noranzko bakarrean joan ahal direla-eta jasotako kritiken inguruan ere hitz egin du: "Ezin zen bi norabideetara jarri. Hori hasieratik esan dugu. Zubiak dituen zutabeak kontuan hartuta ez zen posible gehiago zabaltzea eta Iparraldeko Ur Konfederazioak ere ez zuen hori baimentzen".

 

Dena dela, Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburua segurtasuna bermatzea zela esan du, eta hori lortu dutela. "Zubia bera bukatuta dago, baina egia da azken ukitu batzuk falta direla, udaletxearekin ari gara harremanetan behar dena egiteko", gaineratu du.

Lanak maiatzaren amaieran hasi ziren eta gaurdaino iraun dute. Aurrekontua 500.000 eurokoa izan da eta obra aurreikusi bezala gauzatu dela esan du Foru Aldundiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!