Jolastera joan zinela aipatu zenuen agurrean. Jolastu al zenuen?
Nere burua etengabe ahalegin horretan sumatu nuen, eta horrelakoetan gozatu egiten dut.
Arantzak ateratzeko balio izan al dizu finalak?
Bertsoarekin gozatzeko ahalmena berreskuratzeko behintzat bai. Euskal Herriko Txapelketa bukatzean eta Tolosakoa bezalako tentsiodun saio batean batzuetan iluntasun batean sartzen gara, eta gozatzeko ahalmena galtzen duzu. Nik ez dut bertsoa horrela bizi nahi. Horregatik, esaterako, udan etenaldi txiki bat egin, eta distantzia pixka bat hartu nuen.
Mugaren bat hautsi al zenuen?
Ez nuen nahi beste lortu. Baina, nere buruarekin asteotan sentitutako muga batzuk behintzat atzean utzi nituen, eta hori ere distantziatik baloratzen jakin behar da.
Beñat Gaztelumendiren mailaren eta besteenaren artean koskaren bat atzeman al zenuen?
Aldiro txunditzen nauen dohaina du. Espero genuen, baina, hala ere, asko poztu nintzen bikaintasun horretan ere printza batzuk atera zituelako. Batez ere, bakarka eta puntuetan nabari zen koska.
Inurri lana azpimarratu nahi izan zenuen bukaerako agurrean.
Aurtengo finaleko argazkia urte askotan egindako lanaren ondorio dela iruditzen zait, eta horri bere lekua ematea garrantzitsua iruditzen zitzaidan.
Argazki parekidea.
Finala polita izan zen, eta ez soilik lau emakume eta lau gizon ginelako. Horri garrantzia kentzen diot bere horretan, askoz harago doan lanketa batean gaudelako. Baina, aldi berean, bertso eskolako haurrei begira, jakitun naiz horrek eragin handia duela beraiengan.