"Tolosan sentitu nuen ezin horri buelta eman nahi diot finalean"

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko abe. 11a, 08:57

Inoizko final parekideena izango denak, bertso eskoletan eragina izatea nahi du Iguaranek. «Gogo handiarekin eta saio oso on bat egiteko gosez» igoko da oholtzara.

2011n hartu zuen parte lehenengoz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. 2015ean finalera iritsi zen, eta gero, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian aritu zen, finalaurrekoraino iritsiz. Aurten ere, Gipuzkoako zortzi bertsolari onenen artean izango da Oihana Iguaran (1991, Amasa-Villabona). Duela lau urte, bera zen berritasunetako bat, eta orain, dozenaka aldiz plaza partekatu duen bertsolariekin ariko da oholtzan. Helburuari buruz galdetuta, bertsotan egitea nahi du, beste edozeren gainetik.

Zein sentsazio dituzu finala aurkeztu berritan?

Ondo aurkitzen naiz, eta pozik nago. Gaurko eguna (atzokoa), ospakizun eguna izaten da bertsolariontzat, zortzikotea elkartzeko. Jada larunbateko finala irudikatzen hasi naiz, nire burua egun berezirako prest kokatzen.

Irailean aipatu zenuen, finalean kantatu nahi zenuela, eta egokiena gosetuta iristea izango litzatekeela.

Bai. Halabeharrez, gosetuta iritsi naiz, Tolosan egin nuen saioarekin ez nintzelako aseta geratu, inolaz ere. Gogo handia dut, behintzat egunen batean saio on bat egiteko, eta geratzen zaidan aukera bakarra finala denez, ahalegin guztia egingo dut egun hori larunbata izan dadin.

Hain justu, Tolosako saioaren ondoren, ezina sentitu zenuela eta zerbait erakusteko gogoa zenuela esan zenuen. Zer da erakutsi nahi duzun hori?

Batetik, bertsotan egin nahiko nuke. Oso sinplea dirudi, baina beti ez da lortzen, tentsioak ez duelako asko laguntzen. Tolosako finalaurrekoan blokeatuta sentitu nintzen, bai gaiekin, baita beste zenbait konturekin ere. Normalean, guzti horren gainetik egoteko gai izan behar dugu. Zentzu horretan, sentitu nuen ezin horri buelta eman nahi diot. Gure bertsoekin, zerbait esatea, zerbait gogoangarria uztea, jolas egitea, eta oro har, gozatzea merezi duelako bertsozaleak.

Nola ari zara prestatzen finala eta zein helbururekin igoko zara oholtzara?

Esan bezala, nire burua kokatu, eta saio oso on bat egiteko gosez igoko naiz. Lehenik, egun batzuk behar izan ditut Tolosako kapitulua itxi, orriari buelta eman eta Donostiako finalera begira jartzeko. Une honetan, gogotsu nago. Denbora aldetik ez da tarte handirik izaten eskuartean erronka handirik hartzeko. Doinuei buelta bat emango diet, eta aukera berriak planteatuko dizkiot neure buruari. Saioko ariketei erreparatuko diet, nahiz eta ez dugun lehen bezala entrenatzen. Gainera, lehen zatiko kartzelako saioa desberdina izango da aurten, guztiok gainerako bertsolarien bertsoak entzuteko aukera izango dugulako.

Duela hiru hilabete, txapela lortzeko lehian, lau izen zenituen buruan. nortzuk ikusten dituzu faborito etiketarekin?

Orain hiru bertsolari ikusten ditut, oso ondo prestatuta, eta sekulako mailan. Gainera, eta beti esaten dugunez, topiko bat dirudi, baina guztia egun batean jokatzen denean, bertsolari horien erregulartasuna handia izaten da. Hala ere, edonork eman dezake sorpresaren bat. Hamabost bertso puntuagarri dira, eta horietan asmatzen duenak, aukera izango du.

Nolakoa izango da Oihanaren larunbata? Zer egingo duzu finalaren atariko orduetan?

Ahalik eta gehien deskantsatzeko ohitura dut. Beti izaten da egonezin bat goizean. Jaiki eta saiorako patxadaz prestatu ondoren, Donostiara joango naiz, Beñat Iguaran lehengusuarekin, txapelketako saio guztietara bezala. Horrelako uneetan, ditudan gogo, kezka eta gorabeherak ulertuko nauen norbaitekin partekatzea gustatzen zait. Kasu honetan, berezia izango da, lehenago joan beharko dugulako. Bazkaldu ondoren, 15:00etarako zozketan egongo naiz.

Final berezia izango da aurten, oholtza gainean izango den parekidetasunagatik. Bizkaiko Txapelketako finalean ere gauza bera gertatu zen...

Garrantzi handia izango du, bertso eskoletako ikasleek, pentsaezina zirudiena, eredu normaltzat ikus dezaten. Baina, Beñatek (Gaztelumendi) aurkezpenean esan bezala, finalak ezin du parekidea izan, txapelketa parekidea ez bada. Hortaz, oraindik lan handia dugu egiteko.

Erlazionatuak

Aupa Oihana!

Ataria 2019 abe 11 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!