Politika feminista aktiboa garatzeko konpromisoa hartu du udalak

Tolosaldeko Ataria 2019ko aza. 28a, 19:58

Amasa-Villabonako Udalak datorren urtean 30.000 euroko diru sail bat jartzeko eta berdintasun teknikari bat izateko urratsak emateko konpromisoa hartu du.

Aho batez onartu zituzten asteartean Amasa-Villabonako osoko bilkuran aztertutako puntu gehienak. Galde erreguen txandan, ordea, EAJk kontuak eskatu zizkion EH Bilduren udal gobernuari. Aurreko ekainetik ari dira jeltzaleak udal batzorde informatzaileetan udalbatzan alderdi bakoitzak duen ordezkaritzaren araberako parte hartze proportzionala eskatzen. Patxi Agirre EAJko zinegotziaren esanetan, proportzionaltasuna aitortu ezean, talde jeltzalearen eskubide politikoak "urratu" egingo dira, eta are gehiago, "bigarren mailakoa izango da EAJren ordezkaritza". Berehalako erantzun bat jaso ezean auzitara jotzearekin ere mehatxatu zuen Agirrek. 

Beatriz Unzue alkateak ordezkari jeltzaleei jakinarazi zien, aste honetan bertan jasoko dutela idatziz udal batzordeetako parte hartzeari buruzko proposamena. Gogoratu zuen batzordeak irekiak izaten direla, eta normalean, boto eskubidea duten bost hautetsik parte hartzen dutela. Eudeleko teknikariekin kontsulta egin ondoren, aurreratu zuen alkateak udal batzordeak EH Bilduko hiru zinegotzirekin eta EAJ eta PSE-EEk banarekin osatzeko erabakia hartuko duela udal gobernuak. "Batzordeak irekiak dira, hala ere, eta boto eskubide gabe, baina zuen alderdiko nahi bezainbeste kidek parte hartu ahal izango dute", gogorarazi zuen Unzuek. 

Hain zuzen, osoko bilkura, gobernu batzar eta batzordeetan parte hartzeagatik zinegotziek jasotzen dituzten dieten ingurukoa izan zen EAJk galde erreguen txandan mahai gainean jarri zuen hurrengo gaia. EAJk eta PSE-EEk gai hau osoko bilkurara eramateko eskatu eta alkateak gai zerrendan sartu ez izana kritikatu eta gero, dieta horien kudeaketa, "modu ordenatu eta sistematizatuan" egitea eskatu zuen Agirrek. Alkatearen iritzian, ordea, "modu efizientean" kudeatzen dira dietak, kontu-hartzailetzarekin berarekin kontrastatu ahal izan duenez. 

Xabat Laborde alkateordeak proposamenak "beti euren zilborretik" egitea egotzi zion oposizioari eta udal batzordeetan alderdien proportzionaltasunaren eztabaidan honakoa adierazi zien jeltzaleei: "Batzordeak irekiak dira eta lasai etorri zaitezkete, desiratzen gaude, baina dieta bat gehiago lortzeko ez kontatu gurekin. Sekulako lanak hartu dituzue gai honekin eta zain gaude noiz hartuko dituzuen hainbesteko lanak, zuen zilborretik harago, herritarrei mesede egingo dien proposamen bat aurkezteko".  EAJk gobernu ardurak dituen hainbat herritan, Amasa-Villabonan EH Bilduk udal batzordeetako ordezkaritza erabakitzeko erabiliko duen irizpide bera erabiliko duela gogoratu zuen Labordek. 

Herrian azken egunetan agertu diren pintaketa eta kartelak direla eta, EAJk udal taldeak indarrean dagoen publizitatea eta propaganda kalean jartzeko araudia zehazten duen ordenantza aplikatzeko eskatu zuen osoko bilkuran, beste behin. Alkateak adierazi zuen, pintaketak ezabatzeko agindua emanda dagoela eta brigadakoek ondorengo orduetan kenduko dituztela. "Ordenantza hori ez dugu gustuko, ez gaude ados, zentsura arautzen duela iruditzen zaigu, baina hori da indarrean dagoen araudia eta udal gobernu arduratsua garen neurrian betearaziko dugu", gaineratu zuen Labordek. 

Erakunde adierazpenak

Loatzo udalerrien mankomunitatearen estatutuak aldatzeko proposamena onartu zuten astearteko osoko bilkuran, EH Bilduren aldeko 7 botorekin, EAJren kontrako 5 botorekin eta PSE-EEko zinegotzi bakarraren abstentzioarekin. Estatutu aldaketak, musika eskola mankomunatuaren bulego aldaketa jasotzen du, baita udalerri bakoitzak musika eskolarako egin behar duen ekarpena kalkulatzeko formularen aldaketa ere. Alderdi jeltzaleak estatutu aldaketa beste gai batzuk mahai gainean jartzeko baliatu ez izana kritikatu zuen. "Mankomunitateko udalerri bakoitzaren pisua zalantzazkoa iruditzen zaigu; Ez dirudi oso demokratikoa, Amasa-Villabonak duen biztanle kopuruarekin, Altzok adina ordezkari izatea". Maria Luisa Arija sozialistak kulturan egindako inbertsio gisa ulertzen du musika eskolari egiten zaion ekarpena eta horregatik estatutu aldaketan abstentziora jo zuen, nahiz eta Loatzorekin udalak duen hitzarmena errebisatu beharra dagoela nabarmendu zuen; besteak beste, musika eskolari herriko festetan parte hartzea "exijitu" behar zaiola defendatu zuen Arijak.

Igaro berri den Emakumeen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko egunaren harira, adierazpen instituzionala egin du Amasa-Villabonako Udalak, alderdi guztiek aho batez onartu dutena. Besteak beste, udalak politika feminista aktiboa garatzeko konpromiso irmoa agertzen du eta horretarako baliabide ekonomiko eta giza baliabide nahikoak bideratuko dituela dio: "Berdintasuna sustatzeko 30.000 euroko diru partida ezarriko du 2020. urterako eta aldi berean Amasa-Villabonan lan egingo duen berdintasun teknikari bat izateko urratsak emango ditu". Alderdi guztiak nahiz eta bat etorri adierazpena onartzerakoan, EAJren gusturako, erakunde adierazpenak "interes handiko gai baten inguruko manifestuak dira", eta ez lukete oraindik ere onartua ez dagoen aurrekontuan jasotako diru partida baten berri eman behar. 

Datorren astean ospatuko den Euskararen Egunaren inguruan, konpromiso zehatzak hartuz beste erakunde adierazpen bat aurkeztu zuen EH Bilduk, EAJ eta PSE-EEko zinegotzien abstentzioari esker onartu zena. Administrazio publikoaren kontratuetako hizkuntza irizpideetan eta Uema "babestu, indartu eta zabaltzeko" proposamenean zalantzak agertu zituen talde jeltzaleak eta horrela argudiatu zuen abstentzioa. Bide batez, EAJk, Eudelen alderdi guztiek adostutako adierazpena aurkeztu zuen osoko bilkuran, aho batez onartu zutena. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!